Zenbat denbora daramazue Kaldereroen konpartsarekin
irteten?
Lehenengo aldiz 1961ean atera ziren Hernanin Kaldereroak. Horrek ez du esan nahi 48 aldiz atera garenik, zenbait urtetan ez baita egin, arrazoi desberdinengatik. Baina hasi, 1961. urtean hasi zen.
Beraz, 2011n urteurrena duzue?
Bai, hala da. Hemendik bi urte barru 50 urte egingo ditu konpartsa lehen aldiz irten zela. Ea 2011rako, kide sortzaileen testigantzak biltzen ditugun eta historia pixka bat egiten dugun. Orain arteko argazkien erakusketa bat egiteko asmoa ere badaukagu.
Nolako ibilbidea egiten duzue?
Ibilbidea Elur-Txoritik hasten da; lehenengo geldialdia Larramendi kalean egiten da, eta Sandiusterrira begira kantatzen degu. Segidan, Xalaparta elkartearen aurrean berriro gelditzen gera eta hortik Plazara joaten gara. Kalean behera goazela, Pasiegon eta Mallusen etxe aurreetan abesten degu. Ondoren, kalean gora, Onddi taberna inguruan berriro gelditzen da konpartsa, eta azkenik, Plazara igotzen da, bertan kanpamendua deitzen dena egiteko. Han, Konpartsako erregina eta damak Udaletxeko balkoira igotzen dira eta hitz batzuk esaten dituzte. Bukatzeko, Plazakoa bukatu eta Elur-Txorira bueltatzen gara.
Nolakoak izaten dira gau
honetarako prestaketak?
Elkartean dauden bost taldeetako jendearen artean talde bakar bat osatzen da, Kaldereroak antolatzen dituena. Talde honi La comisión del Carro deitzen diogu. Abestien entsaioekin aste bete lehenago hasi eta bi edo hirutan biltzen gera. Garai batean, bi aste lehenago ere biltzen ginen, baina jende asko azaltzen ez zenez, astean bertan bakarrik entsaiatzea erabaki genuen. Entsaioetara 40-50 bat pertsona azaltzen dira. Egunean bertan, berriz, egun osoko lana izaten da; Elkartean jendea egoten da afaria prestatzen. Guk 19:30ak aldera afaltzen dugu, eta erregina eta damak, ordea, lehenago, gero beren arropak janztera joaten baitira. Bestalde, bi karroza ateratzen ditugu: batean, txistorra egin eta banatzen dutenak egoten dira, eta bestean, erregina eta damak joaten dira.
Zenbateko taldea izaten da
konpartsa?
Elkartean 100-120 pertsona biltzen gara afaltzera, baina gero kale bueltan jende asko izaten da. Zaila da kalkulatzen, baina 300 bat pertsonako konpartsa izaten dela esango nuke. Arratsaldean ikastoletatik Kaldereroz ateratako umeak ere izaten dira gauean kantatzen. Gustatu egiten zaie eta animatu egiten dira. Bestalde, herriko jendea ere konpartsara biltzen da eta horietako asko Kaldereroz jantzita ateratzen dira. Eguraldiaren arabera izaten da hau normalean. Ateri egiten badu egunean zehar, gauean jende gehiago animatzen da, bai parte hartzera eta bai ikustera. Jendea balkoietara ere ateratzen da Kaldereroak ikusi eta entzutera.
Zein abesti kantatzen dituzue?
Betiko kantak dira: `Kalejira`, `Kalderero Hungariarren Koroa`, `Kaldereroak lanean`, `Hungariako kantua` eta `Begi urdin bat`. Hori bai, 2002. urtean abesti batzuk euskaratu egin ziren eta ordutik, euskarazko bertsioa kantatzen dugu.
Zein irizpide duzue konpartsaren eguna zehazterakoan?
Hernanin otsaileko lehen larunbatean egitea da irizpidea. Hori herri bakoitzean aldatu daiteke.
Zein pertsonai dira
azpimarratzekoak
Kaldereroen artean?
Pertsonaietako bat hartza da. Gure konpartsan lehen ateratzen zen, baina badira urte batzuk ez dela inor animatzen. Pertsonaia hau oso polita da eta nik uste det, 50. urteurrenerako ateratzea lortuko degula. Horrez gain, erregina eta bi dama izaten dira eta konpartsako zuzendaria. Yunkea jotzen duena ere garrantzitsua da, instrumentu honek markatzen baitu konpartsa osoaren erritmoa.
Erregina eta damak nola
prestatzen dira?
Nire amak, Mentxu Clementek janzten ditu hirurak, makillatu eta prestatu. Lehenago, arropa alkilatuak erabiltzen ziren, baina urte batean, Elkarteak erregina eta damentzako arropa berriak erosi zituen, eta nire amak gordetzen ditu. Eguna etortzen denean atera eta gero, garbitu, plantxatu eta ondo doblatu ondoren, seguru jasota geratzen dira. Horrela beti dauzkagu arropa onak eta txukunak. Erregina beti bereizten da damengandik, koilare eta bitxi gehiago dituelako, eta karrozan gorago esertzen delako. Askotan gertatu izan da, erregina eta dametatik baten bat Elkarteko sozioa ez izatea. Baina hori sozioek nahi ez dutelako izan da, eta animatzen denari ez zaio ezetz esaten, noski.
Aldea badago garai bateko eta oraingo konpartsaren artean?
Garai bateko konpartsetan jende heldu gehiagok parte hartzen zuen; karrozak ere gehiago ziren, hiru edo lau bat; eta korotan ibiltzen zen jendeak parte hartzen zuen, hau da, kantuari buruz zerbait bazekien jendeak. Gaur egun, aldiz, gazte eta ume asko ateratzen da konpartsan. Eta kantatzen ateratzen garen asko ere ez gara korotan arituak.
•1961eko otsailaren 4a: Elur-Txori Elkarteak Kaldereroak berreskuratu zituen.
•2002. urtean, kanten euskaratzea egin zen.
•2011: Elur-Txoriko Kaldereroen konpartsaren 50.urteurrena ospatuko da.