Hungariatik etorriak edo hernaniarrak, bihar gauean herria hartuko dute Kaldereroek; hango eta hemengo paera, trapu zahar, zintzilikario eta trasteekin ibiliko dira herrian barrena, Inauterien etorrera iragartzeko.
Kale buelta plazaraino
Elur Txori elkartetik abiatuko dira eta kale buelta ederra egiteko asmoa dute, Plazara iritsi baino lehen. Larramendi kalean barrena, Xalaparta elkartera joango dira lehenengo; handik, Plazan barrena, Kardaberazen behera jaitsiko dira, geldialdiak eginez. Plaza Berritik, berriz Plazara abiatuko dira eta bertan jarriko dute kanpamendua.
Erregina eta damak plazan
Kaldereroek karroza bat eramango dute beraiekin. Plazara iristean, hiru erregin eta bi dama igoko dira udaletxera. Protagonistek hitz batzuk esan ondoren, Kaldereroen kantuak entzungo dira Plazan.
Irteera 21:00etan
21:00etan abiatuko da konpartsa Elur Txori elkartetik. Konpartsako kide batzuk elkartean bertan afalduko dute; 19:30etan jarri dute afaltzeko ordua. Aldez aurretik lekua eskatu behar da.
2011n 50 urte egingo ditu Kaldereroen Konpartsak
2011n 50 urte beteko dira Kaldereroen Konpartsa hasi zela Hernanin, eta hori ospatzeko, urte guzti hauetako argazkiak bildu nahi dituzte. Beraz, inork argazkiak izan eta utzi nahiko balitu, telefono zenbaki honetara deitu besterik ez du: 650 825 918.