Urbieta kaleko zuhaitzak aldatu ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 5a, 01:00

joan den egunetan Urbieta kalean, Biteri kultur etxe parean, hainbat zuhaitz bota eta berriak jarri dituzte. Udalak esandakoeran arabera, Aligustre motako zuhaitzak egoera txarrean zeuden eta traba ere egiten zuten.

Lehorrak eta kaskarrak
Udalaren arabera, zuhaitzak kendu dituzte, «batzuk lehorrak zeudelako eta beste batzuk egoera nahiko kaskarrean zeudelako». Horrekin batera azaldu du, autobus geltokiaren ondoan zegoen zuhaitzak enborra guztiz zulatua zuela, «bi esku alde batetik bestera pasatzeko moduan. Besteak berriz, enborra gastatua eta kiribildua zuen eta guztiz okertua zuen». Arrazoi hauek medio, autobus gidariak kexatu izan direla erantsi du Udalak. Horregatik hartu zuen Udalak espaloi bereko aligustre guztiak botatzeko erabakia. Makina baten bidez atera dituzte, espaloiak kaltetu gabe, lur berria jarri dute eta arbola berriak landatu dituzte.

Loraldi ikusgarria duten udareondoak
Dagoeneko aldatu dituzte zuhaitz berriak, Pyrus Calleryaana Chanticleer udareondo mota, hain zuzen. Zuhaitz mota honek lorealdi «ikusgarria» du eta udazkenean hostoek kolore marroiska berezia izaten dute.

Zuhaitzaren ezaugarriak
Udareondo mota honek honako ezaugarriak ditu: adaburu altukoa da, beraz, ez die kalterik egingo autobusei; hosto gutxi erortzen zaizkio, eta erortzen zaizkionak, txikiak; eraikuntzetako fatxadarainoko distantziak mantentzen dituzte; kimatzeko aukera ematen dute; eta azkenik, herri erdian daudela kontuan izanda, «arbola deigarria da, berezia eta ikusgarria baita».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!