Makila eskuan hartuta Santaeskean ibiliko dira asko bihar, Santa Ageda bezperan

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 3a, 01:00

Ssanta Ageda bezpera degu kantatuko dute bihar askok eta askok, izan ere, osteguna, otsailak 5, Santa Ageda eguna da, eta bezperan, bihar alegia, Santa Ageda bezperako erronda egitera aterako dira herritar asko.

Herri erdia Santaeskean
Herri erdia makila eskuan hartu eta abesten ibiliko da bihar, ohitura zaharrari eutsiz. Hernaniko Ohitura Zaharrak abesbatzak Kaxkoan barrena egingo du erronda; arratsaldeko 18:15ak aldera jarri dute hitzordua Milagrosan, handik Maria Magdalena zaharren egoitzara joango dira eta ondoren kale bueltari ekingo diote. Goiz Eguzkiko jubilatu etxeko koroak ere prestatu du errronda. Hauek goizago ibiliko dira eta 16:30etan jarri dute hitzordua egoitzan bertan; bertan kantu saioa egin ondoren, kale bueltari ekingo diote hauek ere. Hernani eta Astigarragako AEK-ko kideak ere ibiliko dira kantuan, baina hauek Martindegi auzoan, etxez etxe; hauek ere baserritar jantzia soinean eta makila eskuetan dituztela; ondoren, Oialumezar sagardotegira joateko asmoa dute afaltzera. Ereñotzu auzoan ere antolatu dute erronda; arratsaldeko 16:30ak aldera abiatuko dira ereñotzuarrak Ur-mia elkartetik eta Pagoaga inguruan hasiko dira errondan.

Atzo Kandelario, kandelak bedeinkatzeko
Atzo Kandelario eguna izanki, jendea hurbildu zen mezetara, etxerako kandelak bedeinkatzera. Bi parrokietan, meza hasieran, apaizak kandelak bedeinkatu zituen. Ereñotzu auzoan ostegunean bedeinkatuko dituzte kandelak. Bedeinkatutako kandelen sua, parrokoaren esanetan, «munduarentzako argia dira eta herriarentzat itxaropen argia».

San Blas eguna gaur opilak bedeinkatzeko
Gaur berriz, San Blas eguna da. Mezaren bukaeran etxetik eramandako San Blas opilak eta janariak bedeinkatuko ditu apaizak, gero etxera eraman eta etxekoek jan ditzaten. Eztarriko gaitzak sendatzen omen dira, eta berriak harrapatu ez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!