eaj-pnvko bozeramailea den Andoni Amonarraizek prentsa oharra bidali du Kronikara, Alkatearen soldatari, eta Gobernu Taldearen gestio ereduari buruzkoa. Amonarraizek dio egia dela Alkateak joan den legealdiko Alkateak baino gutxiago irabazten duela, eta Marian Beitialarrangoitiak dioen bezala, politikatik kanpo gehiago irabazten zuela, «baina baita ere egia da nik enpresa pribatuan baino gutxiago irabazten dudala orain. Gauza da, hemen ez gaudela gai pertsonalen inguruan hitz egiteko»
Zinegotzi liberatu gehiago
Amonarraizek prentsa oharrean dio Gobernu Taldea hobeto kontrolatzeko, aurreko legealdian oposizioko zinegotzi bat liberatu zela «eta orain ere, EAJ-PNVkoek nahiago izango genuke Alkateak gehiago irabaziko balu, eta Udalean zinegotzi liberatu gehiago eta aholkulari gutxiago egongo balira».
Gestio ereduaren kostea
Soldatak alde batera utzita, EAJ-PNVko bozeramaileak adierazi du Gobernu Taldeak proposatu duen gestio eredua aurrekoa baino garestiago ateratzen zaiela herritarrei, eta horren adibide direla datuak (ikusi goiko taula): «zenbakiak garbi adierazten dute Gobernu Taldearen planteamendua garestiago ateratzen zaiela herritarrei».