HERNANIKO natur eta kultur ondarea ezagutarazteko asmoz, Udalak eta Mendiriz Mendik Hernaniko ibilbide sarea osatu dute. Mendiriz Mendiren asmoa da urtean bitan, batean gaztetxoekin eta bestean helduekin, ibilbide guzti horiek egitea. Ez dira ibilbide luzeak eta erraz egin daitezke goiz batean. Edozeinentzat aproposak dira. Aurten helduekin Hernaniko lurraldeko ekialdean, Errenteriako lurrekin muga eginez, dagoen pagadi zoragarria ezagutzeko aukera izango dugu. Urumearen zoko ez hain ezagunak ere ezagutzeko aukera izango da.
Leku interesgarria
Hernani eta Errenteria arteko muga zati hau ezagutzeko aukera polita. Inguru hauek Añarbeko urtegia inguratzen dute eta natur ondarea nahiko egoera basatian aurki genezake oraindik. Inguru hauetako pago basoak ederrak dira. Ingurune lasaia, basatia eta hezea. Benetan, merezi du ezagutzea. Ibilbidearen interesa gehien bat natur ondarearena da. Urumea ibaiaren zoko ez hain ezaguna eta herriko lurraldeko pago baso handiena eta ederrena ezagutuko dugu irteera honetan. Talde txikietan hurbilduz gero eta garai egokian, inguru hauetan bizi diren ugaztunak ikusteko (azkonarra, basurdea...) aukera dago edo, hori zaila izanda, beraien aztarnak aurkitzeko. Ibilbidea egiten den bitartean Arano inguruko mendiez eta paisaiaz gozatzeko aukera ere bada. Añarbe urtegiko zoko eta adar batzuk ere ikusteko aukera dago.
Ibilbidearen deskribapena
Ugaldetxotik hasita, Urumearen ertzetik dijoan pista hartu behar da. Ibaia beti eskuinean izanda, pista honek Aparrain baserrira gerturatuko gaitu. Bideari jarraituta Hernaniko mugetatik atera eta, ibaiak sortu duen meandroari jarraituta, bideak kurba haundi bat egiten du. Hasierako zati honetan Urumea ibaiaren lerroari jarraituko diogu beti. Argorri baserri inguruan azalduko gara. Behin baserrira iristen ari garela, ezkerrera ateratzen den gurdibidea hartu behar da. Bideak gora egiten du eta berehala pago artean aurkituko gara. Bideari segita Saratzeko tontorrera iritsiko gara. Bertan norabidez aldatu eta ezkerretara jo behar da, ipar ekialdera. Mendi gailurren lerroa jarraitzen du ibilbideak eta denbora tarte laburrean Oraingo, Gorostegi eta Untzegiko gainak igaroko ditugu. Azken gailur honetatik, Urdaburu aurrez-aurre dugula, Untzegiko lepora jaitsi behar da. Bertan, bidegurutze bat aurkituko dugu. Ezkerrekoa, mendebaldera jotzen duena, hartu behar da Lizarregiko lepora iristeko. Hemendik Lizarregiko baserriaren hondakinen albotik, Aparraingo atsedenlekura iritsiko gara eta bertatik, pista zabal batetik aldapa behera eginez, berehala iritsiko gara Ugaldetxora.
-Distantzia: 13 kilometro.
-Denbora: 3-4 ordu.
-Desnibela: 400 metro.
-Gailurraren altuera: Saratze (411 metro)
-Zailtasuna: Zailtasun
berezirik gabekoa.
-Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
-Mendiriz Mendik otsailaren 8an
egingo du irteera hau.