Kantuz abesbatza: «Dirudiena baino zailagoa da kantatu eta dantzatu batera egitea»

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 1a, 01:00

Lehengo larunbatean hasi zen ETBko ‘Oh Happy Day’ abesbatzen arteko lehiaketa, eta nola ez, Kantuz abesbatzako hernaniar saltseroak bertan ikusteko aukera izan genuen. Italiara joateko dirua biltzea dute helburu, baina Mariasun Casado, Marisol Iztueta eta Joxe Manuel Ezeiza junta-kideek Kronikari aitortu diotenez, ederki pasatzeko aukera izaten ari dira.

Leire Goñi

Italiara bidaiatzeko asmoa duzue, hemengo telebista programa batean parte hartzen ari zarete... Abesbatza eraberritzeko asmotan? Edo abesbatza da zuei bizitasuna ematen dizuena? Abesbatzak den hori izaten jarraituko du. Egia da koreografiak sartu beharko ditugula gure emanaldietan ere, ikusi baitugu tendentzia hori dela. Hau guztia berria da guretzat! Baina koruari ere beste bizitasun bat ematen dio. Klaudio Landak berak esan zigun, programarekin lortu nahi den helburuetako bat abesbatzak modernizatzea dela, mundu honi haize berri bat ematea.

Nolatan sartu zarete ‘Oh Happy Day’ saioan? Ez dugu gogoratzen zeinek jakin zuen telebistan abesbatzen arteko lehiaketa bat egingo zela. Kontua nahiko azkar joan zen. Kasting bat egin zen lehenengo, eta horretarako abestiak eta bideoak grabatu, argazkiak bidali... behar izan genituen. Hasieran lehiaketa 6 talderekin egiteko asmoa zuten eta ez genuen kastinga gainditu. Baina geroxeago 8 talde hartzea erabaki zuten, eta orduan parte hartzeko deitu ziguten. Azkenean, urrian buru-belarri sartu ginen programaren dinamikan.

Helburu zehatzik baduzue lehiaketan? Lehiaketan bertan ez. Parte hartzeko arrazoi bakarra Italiara egin nahi dugun bidaiarako dirua biltzea da. Saio bakoitza grabatzean ordaintzen digute eta pixkanaka-pixkanaka ari gara zerbait biltzen. Hiru-lau bat saio irauten baditugu, gu pozik!

Irabaztea zaila dela uste duzue orduan? Zein talde duzue faborito? Irabaztea? Ez zaigu burutik pasatu ere egin! Hala ere, konturatu gara gu baino okerrago aritzen direnak ere badaudela... (barre egiten dute). Guretzat dudarik gabe Oñatiko Ganbara taldea da onena. Oso gazteak dira denak, 14 eta 17 urte bitartekoak. Ahots freskoa dute, dena buruz kantatzen dute, guztiari koreografiak jartzen dizkiote... Lehengo larunbatean hemen, Hernanin izan genituen kontzertu bat ematen, eta ile guztiak tentetu zitzaizkigun! Abesti japoniar bat abestu zuten, oso berezia eta oso berria, espresio handiarekin. Zoragarria izan zen!

Zer da zailena egiten zaizuena? Eta errazena edo gehien gustatzen zaizuena? Ziurrenik guretzat koreografiak dira gauzarik zailena. Baina egia esan astun xamarra egiten ari zaigu, lan asko dugu. Abesti batzuk programak berak hautatzen ditu eta beste batzuk guk, gure errepertoriotik. Baina abesti bakoitzari koreografia jarri behar zaio, jantziak pentsatu eta prestatu behar dira aurkezpen txukun bat egiteko... Horretarako laguntzaileak ere baditugu, baina guztia ikasteko astebete besterik ez dugu, eta guretzako zaila da. Abestia buruz ikasteak nahikoa lan ematen digu, eta koreografiak gehitzeak zer esanik ez! Gazteagoak ginenean errazagoa zen gauzak buruz ikastea, baina orain etxean aritzen gara, abestia behin eta berriro entzunez! Kantatu eta dantzatu batera egitea ere dirudiena baino zailagoa da!

Hala ere, ilusio haundiarekin ari gara lanean. Saioa bera grabatzeko, edo saioan aurkezpen gisa erabiltzen dituzten bideoak grabatzeko ere denbora hartu behar izan dugu, baina gogoz eta ilusioz ari gara eta ederki pasatzen dugu. Arropa aukeratzen ere oso ondo pasatzen dugu, gure artean eztabaidan eta ezin ados jarri! Ohartu gara telebista saiora jendea oso ondo prestatuta joaten dela, eta gu ere horrela ari gara, epaimahaiak baloratzen baitu hori ere. Baina dudarik gabe, lehengo larunbatean pasa genuen ondoen, saioa ikusteko aitzakiarekin afaltzeko elkartu baikinen batzuk. Barre ugari egin genuen gure burua telebistan ikusita!

Arraroa egin al zaizue? Jendeak ezagutu al zaituztete telebistan? Oso arraroa egiten da zure burua telebistan ikustea! Eta izugarrizko lotsa ematen du! Kalean bat baino gehiago ari zaigu adarra jotzen: oso ondo ikusten gaituztela, izugarrizko maila erakusten dugula... Ederki pasako du batek baino gehiagok herriko jende ezaguna telebistan ikusita! Baina gu ere ilusio handiarekin ari gara eta oso pozik gaude. Larunbat honetako saioa ikusteko irrikan gaude gainera, eta denak animatu nahi ditugu telebista piztera. Izan ere, saio honetan toke berezia erakutsiko dugu! Gure kontzertuak ikusi izan dituenarentzat ezaguna den abesti bat kantatuko dugu. Baina koreografia sartu dugu eta arropa eta itxura ere asko zaindu ditugu. Diz-diz egingo dugu!

Azken batean Italiara joateko dirua biltzeko asmoarekin hartu duzue parte lehiaketan. Nola lortu zenuten bertako abesbatzarekin kontaktatzea? Javier Zubimendiren bidez, Kantuz-eko zuzendari ohiaren bitartez. Lagun bat du Italian eta hark azaldu zion trukea egiteko asmoa. Guk gogoz onartu genuen, noski! Gabonetako oporretan izan ziren beraiek Hernanin eta orduan bezainbeste gozatzeko asmoz goaz gu ere Italiara.

Zer izan zen italiarrei gehien gustatu zitzaiena? Dena! Guztia zoragarria zela esaten zuten behin eta berriro, ez zekitela nola eskertu! Bost egun igaro zituzten gure artean eta denetik egin genuen. Bi kontzertu eskaini zituzten, bat Hernanin eta bestea Orion. Eta parrandarako nahiko denbora ere izan genuen: soziedadean bazkaldu, sagardotegian afaldu, inguruko parajeak erakutsi... Oso eskertuta joan ziren.

Han zer egiteko asmoa duzue? Bost egun pasako ditugu guk ere italiarrekin, apirilean. Bizenza hiriburutik 30 km-ra dagoen Lonigo herrian izango gara. Guk ere pare bat emanaldi eskainiko ditugu bertan, eta ondoren, ingurua ezagutzeko aprobetxatuko dugu. Venezia ere nahiko gertu dago, 100 km ingurura, eta agian izango dugu gerturatzeko aukera. Ez baduzue telebistako lehiaketa irabazten, Italiako bidaiak aurrera egingo al du? Noski! Hegazkineko txartelak hartu ditugu jada! Pixkanaka ari gara dirua biltzen eta nahikoa izango dugula uste dugu. Aurrerago Tafallako abesbatza batekin beste truke bat egitea ere pentsatu dugu eta denetarako moldatuko garela uste dugu. Bestela, telebistako saioarekin fama lortuko dugula eta, agian gure emanaldietan sarrera kobratzen hasiko gara!


‘Oh Happy Day’ ETBko saio berria

Lehengo larunbatean, hilaren 24an, hasi zen lehiaketa. Zortzi abesbatzek, 4 bizkaitar eta 4 gipuzkoar, hartzen dute parte bertan: Barakaldo, Bermeo, Basauri, Trapagaran, Donostia, Errenteria, Oñati eta Hernanikoak, hain zuzen.Programa larunbatetan izaten da, 22:20etan ETB 1en.

Lehen saio hori abesbatzak publikoari ezagutzera emateko egin zen, aurkezpen moduan. Baina hemendik aurrera lehiaketa uzteko lehen proposatuak zein diren jakingo dugu, eta lehen kanporatzeak ere hasiko dira. Gaur ikusi ahal izango dugun saioan lau abesbatza proposatuko ditu epaimahaiak eta hurrengo saioan bat kanporatuko dute. Azkenean, hiru abesbatzen artean jokatuko da finala, apirilaren bukaera aldera. Orduan, lehiaketan parte hartu duten abesbatza guztien artean publikoak gustukoena duena aukeratu ahal izango du. 
Bestalde, saio bakoitzean epaimahaiak gehien gustatu zaion abestia ere aukeratuko du, eta saioz saio onenak izan diren horiekin disko bat grabatuko dute.
Dudarik gabe epaimahaiak garrantzia handia izango du lehiaketa honetan. 3 dira epaimahai-kideak: Iñigo Arbiza hernaniarra, musikari lotuta dagoen kazetaria da horietako bat eta gaur egun hainbat egunkarietarako musika kritikak idazten ditu. Gaztetan Donostiako Orfeoian kantari aritu zen, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko arduraduna izan da eta hainbat abeslari profesionalen aholkularia da, Ainhoa Soraluze mezzosopranoarena kasu.
Miren Fernandez berriz, kantaria izateaz gain, piano-jolea eta konpositorea ere bada. Telebistan lan egin du lehenago ere, eta gaur egun Madrilen egiten du lan, hainbat antzezlan eta ikuskizunetan.
Azkenik, Unai Zabaleta leitzarra da beste epaimahaikide bat. Musikari profesionala eta koreografoa da, eta irrati lanetan ere aritu da. Bere lana musika eta dantzak transmititu ditzaketen sentimenduak baloratzea izango da.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!