Hiru opari sorta zozketatu zituzten atzo dendariek eta Udalak, poltsak berrerabiltzea saritzeko

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 31a, 01:00

poltsak berrerabiltzeko kanpaina egiten ari dira azken hilabeteetan herrian, udala eta dendariak elkar hartuta. Kanpainan, ohialezko poltsak, erosketak egiteko karroa, edo poltsa berrerabilgarriak erabiltzeagatik boletoak banatu dituzte bezeroen artean, eta atzo egin zuten hain zuen, lehenengo zozketa.

Hiru sari atzo
Udaletxean egin zuten atzo lehenengo zozketa. Zozketarako, eskaparate bat prestatu dute, Kale Nagusiko Ibañez dendan, Riojanos taberna parean egon dena bistan. Eskaparatea produktuz bete-betea egon da; eskaparateko produktuak hiru sortetan banatu eta hiru sari eman zituzten atzoko zozketan. Zenbaki saridunak honakoak dira: Iñigo Diez janari dendan emandako 08.054 zenbakiak eramango du lehenengo opari sorta; Bikain okindegian emandako 09.309 zenbakiak eramango du bigarren sorta, eta Latsunbeberriko Aizpuru botikan emandako 05.465 zenbakiak azkeneko sorta. Saridunek 15 eguneko epea dute sariak jasotzeko, otsailaren 15era arte, ostirala. Opariak jasotzeko 943 575 431 telefono zenbakira deitu behar da astelehenetik aurrera. Opari sortaren bat jasotzen ez bada, otsailean zozketatuko dute berriz, otsaileko zenbakiekin. Zenbaki sarituak, eman diren komertzioetan jarriko dira bistan, eta baita ere, Kale Nagusiko Ibañez dendan, sariak egon diren eskaparatean.

100 euroko zozketak hemendik aurrera
Aurrerantzean, printzipioz hilero, azkeneko ostiraletan, 100 euro zozketatuko dituzte poltsak birziklatzen dituzten bezeroen artean. 100 euroak kanpainan parte hartzen ari diren dendetan gastatzeko izango dira. Otsaileko txarteletan zozketa hilaren 28an izango dela dioen arren, otsaileko zozketa hilaren 27an izango da, ostirala. Zozketa honetarako ez dute balioko orain arte banatutako txartelak, zenbaki berriak egin baitituzte, beste kolore batekoak eta dagoeneko hasiak dira dendetan banatzen.

8.000 poltsa, 90.000 zenbaki
Atzo zozketan ziren udal teknikari eta dendarien ordezkarien esanetan, 8.000 poltsa inguru banatu dira, eta oraindik banatuko dira ale batzuk. Zozketarako berriz, 90.000 txartel banatu dira.

Poltsak berrerabiltzea da helburua
Kanpainan parte hartzen ari diren dendariek konpromezua hartu dute, plastikozko poltsen erabilera jaiste aldera: printzipioz, plastikozko poltsarik ez eskaintzeko, eta kanpainarako propio egindakoak banatzeko, eta boletoak ematea, poltsa berrerabilgarria, karroa edo ohialezko poltsa erabiltzen duen edonori. Datorren urtetik aurrera, plastikozko poltsak kobratzen hastea aurreikusi dute. Horregatik, besteak beste, gomendatzen dute plastikozko poltsak gero eta gutxiago erabiltzera ohitzea, eta berrerabilpenaren garrantziaz jabetzea.

Poltsa berdea bakarrik ez
Kanpainaren helburua da gero eta gutxiago erabiltzea plastikozko poltsak. Horretarako, udalak eta dendariek poltsa berrerabilgarrriak banatu dituzte bezeroen artean; baina ez dute hauek erabiltzea bakarrik saritu, izan ere, ohialezko poltsak edo erosketak egiteko karroa erabiliz gero ere, ematen dituzte zenbakiak; helburua azken finean, plastikozko poltsak gutxiago erabiltzea baita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!