URBIETA kalean egin duten zuhaitz mozketaren inguruko informazioa ez ematea leporatu dio Gobernu Taldeari Iñaki Arratibel EAko ordezkariak.
Informazio falta
Prentsa oharrean Arratibelek dio Gobernu Taldeak egiten dituen gauzei buruz ez informatzea eguneroko gauza bihurtu dela udalean «orain dela bi aste Txotx denboraldiko informazioa eskatu behar izan genuen, Gobernu Taldeak informazio hori emateko intentziorik ez zuen eta».
EAko ordezkariak adierazi du, oraingoan berriz, Urbieta kalean egin duten zuhaitz mozketaren inguruko informaziorik ere ez dutela jaso «egun hauetan Urbieta kalean egin duten zuhaitz mozketa zergatik egin ote duten galdetzen digute herritar askok, eta guk ezin dugu erantzunik eman, ez baitugu horren inguruko informaziorik».
Bidegorria Urbieta kalean
Kultur etxea eta Izpizua kalea batzen dituen Urbieta kaleko zatia bidegorria egiteko proiektu baten zain dagoela adierazi du Arratibelek, eta dio «proiektu baten zain egonda, ez dela logikoa arbolak moztea, oraindik ez baitakigu zer gertatuko den. Beraz, printzipioz, Eusko Alkartasunari zuhaitzak moztea bi aldiz pentsatu gabe egindako gauza iruditzen zaio»
Azkenik EAk Zerbitzu Publikoetako Batzordea biltzea eskatu du, datu guztiak izan eta bere posizioa azaltzeko.