BURUNTZALDEAKO euskera zerbitzuek atzo aurkeztu zuten www.buruntzaldea.org web gune berria. Web gunearen helburua da, euskualdean dagoen hizkuntza aniztasuna bultzatzea, normalizatzeko aurrera eramaten ari diren egitasmoak zabalduta. Herritarrei begira egindako web gunea da, eta bertan, hainbat baliabide aurkezten zaizkie izan ditzaketen zalantza eta beharrak asetzeko asmotan. Buruntzaldeako web gunearen helburua ez da Udalek duten webgunea ordezkatzea, baizik eta hauen osagarri izatea.
Egitasmoak web gunearen ardatz
Buruntzaldea osatzen duten herrietan aurrera eramaten ari diren egitasmoak izango dira hasiera batean webgunearen ardatz. Egitasmo horien marrazki edo argazki ezberdinak ageri dira ilustratuta web guneko atari nagusian; besteak beste, honakoak: Eska ezazu haragia euskaraz, Euskarazko produktuen katalogoa 08/09, eta Guraso berriak.
Beste hainbat zerbitzu
Egitasmoez gain, web guneak beste hainbat zerbitzu ere ematen ditu: euskerarekin zerikusia duten dirulaguntzak non eta nola eskatu behar diren, herri bakoitzean euskera eragileak non dauden, Ba al zenekin? atala, eta abar. Buruntzaldea osatzen duten herrietako datu soziolinguistikoak ere jasotzen dituzte web gunean, euskerak duen eragina azalduz.
Etorkizunera begira
Aurkezpenean adierazi zutenez, www.buruntzaldea.net web gune dinamiko bat izatearen alde egingo dute eta informazioa emateaz gain, herritarrek bere aportazioak egiteko aukera izango dute. Aurrrera begira, 2009a bukatu aurretik, gurasoei, merkatariei eta euskaltegietako kideei zuzendutako atalak ere izango dira. Azkenik, harpidetza irekiko dute, eta bertan izen ematen dutenek web guneko informazioa jasoko dute, korreo elektroniko bidez.