EA eta EAJ-PNV udal taldeek mozioa aurkeztu zuten asteartean, Palestina herriaren aurka izaten ari den erasoa eta Gazako sarraskia salatzeko. Mozioa eztabaidatzeko eta onartzeko asmoarekin aurkeztu zuten, Udalean izan zen Politika Sozialeko Batzordean. Bozketan EAk eta PNVk PSEren babesa jaso zuten. Gobernu Taldeak eta EBk berriz, aurka bozkatu zuten eta PP abstenitu egin zen.
Mozioaren
nondik norakoak
Mozioan, lehenik eta behin, Palestinan egindako eraso militarrak gaitzesten dituzte bi udal taldeek «gaitzetsi nahi dugu Israelek Palestinan egindako eraso militarrek eragindako bidegabekeria, eta Hamasek Israelgo herritarren aurka botatzen dituen koheteak; eta su etena, iraunkorra izatea eskatzen dugu».
Ondoren, nazioarteko erakundeen adore eza eta pasibotasuna salatzen dute «Gazako inbasioa eta bereizi gabeko hilketak gertatzen uzten ari dira, inongo zigorrik gabe, nahiz eta beraien lana nazioarteko zuzenbidea zaintzea den».
Mozioan ere eskaera egiten diete Nazio Batuen Erakundeari eta Europar Batasunari: «eskatzen diegu sarraskia bukatzeko, laguntza humanitarioa emateko plan bat egiteko, mugak irekitzeko, okupazio armatuarekin bukatzeko eta tregua iraunkor bat egon dadin gauzak errazteko».
Azkenik, konponbide iraunkor baten alde egiten dute; «1967ko gerra aurreko mugen erreferentzia hartu eta Israelentzat muga seguruak jarri behar dira; eta Palestinari estatu subirano bat sortzeko eskubidea aitortu behar zaio».