Alkateak adierazi du kargua hartu zuenean soldata jaitsi egin zuela eta igoerak beste langileei aplikatutako berak direla

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 27a, 01:00

Soldata aldaketak taula baten bidez adierazi ditu: Grisean gobernu aldaketa aurreko datuak ageri dira, besteak berriz Gobernu Taldearenak.

MARIAN Beitialarrangoitia Alkateak, Kronikara bidalitako prentsa ohar baten bidez, erantzuna eman dio azken aldian prentsan soldaten inguruan atera diren adierazpenei. Alkateak honakoa dio: «orain arte ere argitzen saiatu izan naiz kargua hartu nuenean solada jaitsi nuela, eta hortaz, ordutik soldata igoerak gainerako langileei aplikatutako berak izan direla». 2008ko KPIaren (IPC) datuak orain gutxi ezagutu dira, eta oharrean adierazten duenez «langileei hiru urtetarako sinatutako lan hitzarmenaren arabera, %2,4 igoko zaie soldata». Lan hitzarmen horrek dio, urtero KPIa gehi puntu bat igoko dela soldata. Datu horiek kontuan izanda, Alkateak zinegotzi liberatuek zer kobratuko duten argitu nahi izan du taula baten bidez: taulan ageri diren diru kopuruak hileko soldatak eta soldata brutuak dira, bilerako dietei dagozkienak. Dietak soldatarik kobratzen ez duten zinegotzi guztiek jasotzen dituzte, gobernu taldekoak zein oposizioak izan. Taulari begiratuta, Alkateak dio «norberak balora dezala nola aurrezten duen Udalak diru gehiago: gu iritsi ginenean alkateak zuen soldata igoerarik gabe mantenduz, edota egun nik jasotzen dudana, langileei bezala igotzen jarraituta». Marian Beitialarrangoitiak dio 2007ko udatik diru dezente aurreztu dela eta «matematikak ez dutela interpretazio ezberdin posiblerik. Berehala ohartuko zarete batuketa eginda udalak soldatekin diru dezente aurreztu duela, baita azken bi urteetan alkate eta langileen soldatak igota ere.»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!