AHTaren aurkako taldeak plastiko beltz batekin moztu zuen igandean Gudarien plaza, «trenak ekarriko duen barrera efektua erakutsi eta salatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 27a, 01:00

AHTaren kontrako taldeak mobilizazioa egin zuen igandean, txotx irekieran. Mobilizazioaren helburua zen «AHTaren barrera efektua Gudarien plazan erakustea». Horretarako, plastiko beltz batekin moztu zuten plaza alderik alde. Taldearen esanetan «honela jendea aurrera egin ezinda geratu zen, eta barrera alde batetik bestera zeharkatu ahal izateko, hainbat metro egin behar izan zituzten alferrik». Modu honetara sinbolizatu nahi izan zuten «lur sail bat izanez gero, eta bertatik trena pasatuz gero, efektu bera izango» litzatekeela, «hau da, AHTa hesiz inguratuta joango dela ibilbide osoan zehar, eta zeharkatu ezinezko oztopo izango litzateke, bai pertsonentzat bai animalientzat». Beraz, kritikatu nahi izan zuten «krisi garaian ere politikoek, azpiegitura erraldoi, garesti eta elitistei ematen dietela garrantzia, pertsonen beharrei baino lehenago».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!