Ezinduentzako ranpa kenduko dute epailearen aginduz, Akarregi auzoan

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 27a, 01:00

AKARREGI auzoan, 12garren zenbakiko etxebizitza blokean bizi diren bizilagunek Kronikara bidalitako prentsa ohar baten bidez adierazi dute epaile batek etxebizitzan eziduentzako egin berri duten ranpa kentzeko agindua eman duela. Ranpa orain gutxi egin dute eta ordutik, bizilagunen artean zenbait arazo eta eztabaida sortu dira, kronikara etorritako bizilagunek adierazi dutenez. Horrez gain adierazi dute bizilagun batek salaketa sartu duela, eta horrek eman diola bide ranpa kentzeko sententziari.

Etxebizitzako bizilagunen artean onartua
Ranpa egiteko eskaera etxebizitzan bizi den 70 urteko bizilagun batek egin zuen. Prentsa oharrean jartzen duenez «emakumeak, besteak beste adina dela medio, arazoak zituen etxeak sarreran dituen 10 eskailerak igotzeko». Eskaera aztertzeko, etxebizitzan bizi diren bizilagunek bilera deitu zuten, «eta gehienek ranpa jartzearen alde egin zuten. Hala ere, momentuan egin behar zen akta ez genuen behar bezela egin».

Bi epaiketa
Bizilagun gehienen onarpenarekin, Udaleko aparejadorearen onarpenarekin eta Arkitektoen eskolak proiektua onartuta, ranpa egiten hasi ziren. Hala ere, prentsa oharrean adierazten dutenez «obra amaitzear zela, ranpa egitearen aurka agertu zen bizilagun bat eta salaketa jarri zuen». Salaketaren ondorioz, bi epaiketa izan dira, eta epaileak ranpa kentzeko agindua eman du. Baiezkoaren aldeko bizilagunek ate asko jo dituzte eta Elkartu (Gipuzkoako Ezindu Fisikoen Elkartea) ari zaie laguntzen momentu honetan.

Ranpa kendu eta berria egin
Kontua da, ranpa kenduta ere seguru asko berria egin beharko dutela; legeak dionez, ezinduak bizi diren etxebizitzetan ezindu horiek eskubidea dute ranpa izateko. Akarregi 12ko etxebizitzan hiru dira ranpa horren beharra duten bizilagunak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!