IBON SAGARNA, ‘IBI’ - Barricada taldeko baterijolea. «Asko gustatzen zait sagardotegietako giroa, urtero gutxienez bitan joaten naiz»

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 25a, 01:00

Nola hartu zenuten taldean, Hernaniko txotx denboraldia irekitzeko gonbitea?
Duela hilabete bat deitu zidaten eta gonbitea luzatu ziguten. Taldekideei komentatu eta animatu egin ziren. Niretzako sorpresa izan da, eta hernaniarra naizen aldetik, oso pozik nago.

Biharkoa izango da denboraldiko zure aurreneko sagardotegia, ezta? Gogoz hartuko al duzu?
Aurtengoa, lehendabizikoa izango da, eta gustora hartuko dut, bai. Asko gustatzen zait sagardotegietako giroa, eta gainera Hernanin izango da, nere herrian. Nafarroatik taldekideak nere herrira ekartzeak ere poza ematen dit.

Sagardotegietarako afiziorik ba al duzu? Joaten al zera normalean?
Urtero joaten naiz, urte batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Gutxienez bi edo hirutan joaten naiz urtero.

Taldeko giputxi bakarra zarenez, nafarrei erakutsi egin beharko diezu sagardotegian ibiltzen...
Taldekideak joan izan gara sagardotegietara, baina asko Nafarroan. Esaten diet Hernani eta Astigarraga aldera joan behar dugula, ez dela gauza bera, saltsa hor dagoela.

Barricadari buruz hitz egin dezagun orain, sagardoa alde batera utzita. Disko berri bat ari zarete osatzen, ezta?
Bai, disko berria prestatzen ari gara, irailean ateratzeko asmoa dugu. Iruñean, lokalean ari gara entsaiatzen eta ordenadorearekin moldatzen eta apaintzen ari gara. Otsailean grabatzen hasiko gera, poliki-poliki. Gustora ari gara.

Aurreratzerik izango zenuke, zein estilo eta gai landuko dituzuen disko berrian?
Barricada estiloa izango da, betikoa, kaña eta distorsiodun gitarrekin. Disko hau gainera monografikoa izango da, Gerra Zibilari buruzkoa. Drogasek liburu dexente irakurri ditu eta hor ari da edukiak lantzen. Diskoa Iruñean bertan grabatzeko asmoa dugu, baina gero nahasketa egitera eta diskoari azken puntua ematera, Finlandia edo Danimarka aldera joan nahi genuke.

Barricada, estatuan, iparraldetik hegoaldera entzuten da, jendeak asko bizitzen du, eta urteak pasa arren, taldearen abestiak himno bat bezala kantatzen ditu jendeak. Zein da sekretua?
Sekretua da, egunero hor egotea, lokalean sartu eta lana egitea. Guri asko gustatzen zaigu egiten duguna eta hori nabaritu egiten da. Lan bat izango balitz bezala hartuko bagenu, ez litzateke gauza bera izango. Guk sinetsi egiten dugu, eta hori abestiak egitarakoan nabaritu egiten da, baita kontzertuetan ere, gozatu egiten dugu, nahi duguna egiten ari gara. Neretzat sekretua hori da.

Musikariz betetako familia da zurea. Aita, Manuel Sagarna, Musika Bandaren zuzendaria izan zen urtetan, eta anaia ere ‘I am Raros’ taldean dabil. Familiak izan al du eraginik zure musikari ibilbidean?
Noski. Txikitatik bizi izan dut musika eta odolean daramat. Etxean aitarekin solfeoa lantzen genuen txikitan eta anaiarekin diskoak entzun izan ditugu betidanik.

2002an hasi zinen Barricada taldean, aurreko bateria ordezkatzeko. Dagoeneko 6 urte daramazkizu taldean. Zure lekua egin al duzu taldean? Egin balorazio txiki bat...
Hasieran oso urduri ibili nintzen, baina uste dut hasieratik nere ekarpena dudala. Taldekideek ere asko lagundu didate, oso pertsona xumeak dira, eta hori asko eskertu izan diet beti. Nik beti izan dut nere lekua taldean. Taldean Barricadako kide bezala sartu nintzen, ez soldatapean. Taldea bizi egiten dugu, laurok, eta lehen esan bezala, hori nabaritu egiten da.

Apirilan, 27 urte egingo ditu Barricada taldeak. Urte askotarako izango al dugu Barricada?
Espero dut baietz. Hala ere ikusteko dago, ez gara etorkizunera begira egoten. Orain disko hau ari gara lantzen, datorren urtean gira bat egingo dugu, eta hortik aurrera ikusiko dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!