Batek baino gehiagok probatua izango du dagoeneko sagardo berria, baina ofizialki gaur hasiko da txotx denboraldia Hernaniko sagardotegietan. Lehendabiziko sagardo kolpea Barricada taldeak botako du zintzurrera, bera baita aurtengo gonbidatua, gaurko ekitaldirako. Eguerdiko 12:00etan izango da, Gudarien Plazan (euria bada, Atsegindegin), eta hortik aurrera, musika, harrijasotzaile eta aizkolarien erakustaldia, sagardoa barra-barra eta mokaduren bat egiterik ere izango da.
Ibon Sagarna hernaniarra Barricadako baterijolea
Ostegunean prentsaurrekoa eman zuten sagardogileen ordezkariek, Berriak elkarteko ordezkariak, tabernarien ordezkariak eta udal ordezkariek; txotx denboraldiko mahaia osatzen dute guztiek eta elkarlanean, antolatu dute gaurko jaia, txotx denboraldiko kultur egitaraua, eta denboraldia eta sortzen diren eragozpenak hobetzeko egitasmoa.
Txotx mahaia izan da beraz, Barricada taldea aukeratu duena aurtengo denboraldia irekitzeko. Arrazoiak ere eman zituzten: Taldeak arrakasta haundia du, eta tartean hernaniar bat dago, Ibon Sagarna baterijolea, eta hori antolatzaileen esanetan «inondik inora, ohore haundia da».
Gaurko jaia
12:00etan hasiko da beraz, gaurko jaia, Gudarien plazan. Barricada taldeak txotx egin ondoren, harri jasotzaile eta aizkolarien erakustaldia, dantzariak, bertsolariak, txalapartariak eta abar izango dira plaza girotzen. Incansables txaranga plazan eta herrian barrena ibiliko da, bazterrak girotzen hau ere.
Sagardoaren kultura
Denboraldian zehar hainbat kultur ekintza egingo dira, urtarriletik apirilaren bukaerara arte. Kale antzerkia, umeentzako jolasak, musika kontzertuak eta abar izango dira.
Aurtengo berezitasuna sagardotegietan egingo diren bertso tramak izango dira. Printzipioz bi saio aurreikusi dituzte: bata, Iparragirre sagardotegian, martxoaren 5ean, eta bestea, Otsua Enea sagardotegian, martxoaren 26an. Saioetan 2na bertsolari, musikari bat eta gai jartzaile bat izango dira.
Sagardogileen ordezkariak prentsaurrekoan adierazi zuenez, «bertso saioak ez dira berriak sagardotegian, betidanik bizitu baititugu, eta hori zabaldu nahi dugu».
Bertako sagarrarekin egina eta mikatz puntu batekin
Denboraldiaren aurkezpenean, ezin falta aurtengo sagardo berriaren ezaugarriak. Arantxa Eguskitza sagardogileak azaldu zuenez, aurtengo sagardoak bi berezitasun ditu:
Batetik, hemengo sagarrarekin egina da ia den-dena; sagardotegi txikien %100 eta sagardotegi haundien gehiena. Arrazoiak ere azaldu zituen: «2008ko sagar uzta berezia izan da, sekulakoa izan baita, azken hamarkadetan izan den haundienetakoa», horregatik, bertako sagarrarekin egina da aurten sagardoa.
Beste berezitasuna badu, uzta bakoitzak berea duena, zaporearena alegia: «aurtengo sagardoak mikatz puntu bat du» eta arrazoia ere eman zuen, «eguzki gutxi izan delako».
Probatzeko garaia
Sagardogileak gonbitea luzatu zuen sagardotegira joan eta sagardoa probatzeko, «ez baitugu ahaztu behar, txotx denboraldia, ezer bada, sagardoa probatzeko garaia dela». Zeri erreparatu ere esan zuen: «usaina, kolorea eta zaporea».
Ez alperrik Hernaniko 12 sagardotegientzat ilusio haundiko eguna da gaur, «gure edaria, gure lanaren emaitza, eskaintzen baitiogu jendeari».
Denboraldia hobetzen
Bestalde, txotx mahaiak adierazi zuen, txotx denboraldian sortzen diren eragozpenei aurre egiteko lanekin jarraituko dutela: horretarako besteak beste, udaltzain taldeak esfortzu berezia egingo du denboraldian, kale garbiketa zerbitzua ere haunditu egingo da, herri kanpoko eta barruko garraio zerbitzua hobetu eta bultzatuko da; tabernariak ere ahaleginduko dira kristalaren erabilerari neurria hartzen; komunak ondo eta gehiago seinalatuko dira; eta beste neurrri asko.
Txotx denboraldiko egitaraua:
Urtarrilak 31, El concursazo. Trapu Zaharrak-en kale antzerkia.
Otsailak 28, Sagar Lasterra.
Martxoak 7, Hipo eta Tomax. Atsegindegin.
Martxoak 15, Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiaren 40garren Kapitulua.
Martxoak 21, Zpeiz Mukaki
taldea. Dantza ikuskizuna kalean. 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Martxoak 22, Sagardo Eguna Chillida Lekun.
Martxoak 28, Esne Beltza Tilosetan.
Apirilak 4, Umeentzako puzgarriak. Atsegindegin, 16:30etan.
Apirilak 25, Kulki, herri kirolak umeentzat. Atsegindegi, 17:00.
Hitzaldia eta mahaingurua. Zehaztu gabe.
Bertso trama sagardotegietan. Iparragirren martxoaren 5ean eta Otsua Enean martxoaren 26an.