PLASTIKOZKO poltsak ez erabiltzeko kanpaina martxan da, Udalak eta herriko dendariek sustatutakoa. Kanpainan parte hartzera animatu diren dendetan behin eta berriro erabiltzeko poltsa berdeak banatu dituzte. Boletoak ere banatu dituzte zozketa batean parte hartzeko, banatutako poltsak berdeak, erosketarako karroa edo etxetik eramandako beste telazko poltsa erabiltzen den bakoitzean. Kuestioa, plastikozko poltsarik ez erabiltzea da. Udalak dendariei gogorarazi nahi izan die, dagoeneko banatzeko zituzten boletoak bukatu bazaizkie, udaletxera joateko gehiagoren bila. Aurreneko zozketa urtarrilaren 30ean Kanpainako zozketa urtarrilaren 30ean egingo dute, goizeko 09:00etan, udaletxean. Aurreneko zozketa honetan saria ederra izango da, ikusi nahi duenak Riojanos taberna aurreko eskaparatera gerturatu besterik ez du. Eskaparate horretan hiru produktu lote daude, eta beraz, aurreneko zozketa honetan hiru saritu izango dira. Zozketa egin ondoren 15 egun izango dira saria jasotzeko.
Dagoeneko 91 denda
Piskanaka gero eta denda gehiago animatu dira kanpaina honetan parte hartzera. Kanpaina aurkeztu zutenean, abendu erdialdera, 82 denda zeuden kanpainan. Orain 91 dira kanpainan izena emanda daudenak.
Hilero 100 euroko erosketa bonoak eskuratzeko aukera
Urtarrilaren 30eko zozketako saria haundia izango da, aurrenekoa dela eta, eta hortik aurrera hilero 100 euroko erosketa bonoak zozketatuko dituzte, hileko azken ostiraletan. Erosketa bonoak kanpainan parte hartzen ari diren dendetan gastatu ahal izango dira.
Udalak kanpaina iragartzeko egingo duen publizitatean, parte hartzen ari diren denden berri emango du, behin eta berriro.