GORENGOEN mailako taldeak bigarren bueltako bigarren partidua jokatuko du gaur. Aurrez aurre Hondarribia izango du, eta etxetik kanpo jokatuko du, Ondartza zelaian. Txuri berdeak joan den astean hasi ziren bigarren bueltako partiduekin, eta garaipen garrantzitsua lortu zuten; aurkari zuzena zen Real Unioni irabazi baitzioten. Hondarribia berriz, sendo dabil aurten. Liga erdixka hasi zuen arren, azken asteetan lehenengo postuan da. Bi taldeen arteko joaneko partidua irailean jokatu zen, Hernanin, eta etxeko taldeak duen onena eman zuen. Partidu bikaina jokatu ostean, 2-1eko garaipena lortu zuten. Partidua gaur, arratsaldeko 16:00etan hasita.
Emakumezkoen ligan, Hernani-Anaitasuna
Emakumezkoen ligako taldeak bihar jokatuko du, Zubipen, Anaitasunaren kontra.
Hernaniarrak igoera fasea jokatzen ari dira, eta biharkoa hirugarren partidua izango da. Orainarteko emaitzak ez dira guztiz onak izan etxekoentzat, partidu bat galdu eta bestea berdindu egin baitute. Hortaz, bihar irabazi egin beharko dute igoera fasea goiko postuetan amaitu nahi badute. Itxuraz, aurkariaren emaitzak begiratuta, ez da partidu zaila izango. Partidua bihar, 15:45etan hasita.