Gobernu taldeak aurkeztutako Palestinaren aldeko mozioa onartu zen ostegunean plenoan

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 31a, 01:00

Gobernu taldeak, Politika Sozialeko Batzordea deitu zuen asteartean. Kooperazio taldearekin bat eginda, mozio bat aurkeztu zuen; Palestinaren aldekoa. Mozioa onartu egin zen Gobernu Taldearen eta EBren aldeko botoekin, EBk proposatutako aldaketa txiki bat egin eta gero. Beste alderdi guztiek mozioaren aurka bozkatu zuten. Gobernu Taldearen mozioaz gain, Batzordean, EA eta EAJ-PNV alderdiek mozio «alternatiboa» aurkeztu zuten, hilaren 29ko Kronikan argitaratu zena. Mozioa ez zen onartu batzordean. EBk gehitutako emendakinarekin osatutako mozioa, astearteko batzordean onartu zena, osteguneko plenoan onartu zen, Gobernu Taldearen eta EBren aldeko botoekin. Beste alderdiek aurka bozkatu zuten. Elkartasunik «beroena» Mozioan «elkartasunik beroena» adierazten zaio Palestinar herriari, «garai latz hauetan». Mozioak dio palestinar herria 1947tik ari dela erresistitzen «NBEak, Palestina bitan zatitzea gomendatu zuenetik, eta 1948an Israelek bere aldetik estatu judutarraren jaiotza aldarrikatu zuenetik». Azken asteetako sarraskiari dagokionez, mozioan dio «Israelgo gobernua bere hauteskundeak irabazi nahian gerra sortzen ari da, eta hori aurrekari arriskutsua izan daiteke».

Interes geoestrategikoak
Mozioan salatzen da Ameriketako Estatu Batuak, Europar Batasuna edo Nazio Batuak bezalako erakundeek beste aldera begiratzen dutela eta «lotsagarria eta salagarria» dela. Hedabideen jarrera ere salatu nahi izan dute mozioan. Instituzio hauen ordezkari diren «Estatu inperialistak estatu terrorismoaren konplize zuzenak dira» eta eransten du «beren interes estrategikoen arabera, mundua gerratoki bihurtzen ari» direla.

Boikoterako deia
Honen aurrean eta «Israeldar estatuari aurre egiteko tresna moduan» udalak bat egin du Palestinako 200 elkarte zibilek Israeli boikota egiteko luzatutako deialdiarekin. Udalak uste du «boikot hori gure herritik egitea ere tresna baliagarria» izan daitekeela.

Mozioan onartutakoa
·Elkartasunik beroena adierazi Palestinako herriari, eta baita okupazio eta basakeria sionistaren aurka dagoen gutxiengo israeldarrari ere.
·Palestinako 200 elkarte zibilek baino gehiagok bultzaturiko Israeli boikot kanpaina babestu.
·Israelgo estatuak ekoitzitako zein babestutako kontsumo, kultura, entretenimendu, edo bestelako produktuak baztertu.
·Arlo kultural zein akademikoan israeldar instituzioekin den edozein kooperazio, kolaborazio edo proiektutan parte ez hartu.
·Israelgo Estatuaren izenean gure lurraldera etortzen diren talde, erakunde, enpresa, kirol talde edo kultura elkarteen presentzia Non grata izango da. ·Israelgo Estatuarekin gure herriak izan ditzakeen harreman instituzionalak hautsiko ditugu.
·Udalak Israelgo gobernuari gutuna bidaliko dio Gazako erasoa arbuiatuz.
·Gogor salatu palestinar zibilen erah ilketa eta, halaber, Gazaren aurkako blokeo ekonomikoa eta Palestinar lurren kolonizazioa.
·Errealitatea kontzienteki erabat desitxuratzen ari diren komunikabide nagusienen jarrera salatu, ematen duten trataera mediatikoa medio.
·Udalak herritarrei gai honen inguruan egiten eta egingo diren bilkura eta ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia egiten die.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!