modalitate guztietako pelota partiduak jokatuko dituzte asteburu honetan hernaniarrek.
Euskal Liga kiroldegian
Gaur goizeko 11:00etan hasita, kiroldegiko frontoian, jubenil kategoriako Euskal Ligako partiduak jokatuko dituzte pelotari hernaniarrek.
Lehenengo partiduan, paletan, Irazustabarrena eta Gutierrez arituko dira Markinaren kontra. Bigarrengoan berriz, eskuz banaka, Bisintxo Bilbaok San Miguelen kontra jokatuko du. Azkenik, eskuz binaka, Santxo eta Azpitarte IIak Irurtzunen kontra neurtuko dituzte indarrak.
Arratsaldean Udaberri Torneoa
Gaur arratsaldean ere izango dira pelota partiduak kiroldegian, 16:30etan hasita. Partidu guztiak Udaberri Torneokoak izango dira eta kadete mailakoak.
Lehen partiduan, eskuz binaka, Urkizu eta Otaegi IIa Tartaloetxearen kontra arituko dira. Bigarrengoan berriz, eskuz binaka baita ere, Etxenike eta Etxegoienek Oiarperen kontra jokatuko dute.
Gipuzkoako Trinkete Txapelketa Iruran
Gaur baita ere, trinketean aritzen diren bi pelotari hernaniar protagonistak izango dira Gipuzkoako Trinkete Txapelketan; bi partiduak Iruran jokatuko dituzte, eguerdiko 13:30etan hasita.
Kadete mailan, Jon Ander Elorzak banakako finalerdietako partidua jokatuko du Mundarroren aurka; Elorzarena jaialdiko lehenenengo partidua izango da. Seigarrena berriz, Eñaut Esnaola seniorrak jokatutakoa izango da, eskuz banaka baita ere, Mikel Landaren aurka. Rufino Rekalde entrenatzailearen esanetan «gaurkoa partidu zaila izango da Esnaolarentzat, aurkaria trinketean espezialista baita; eta gainera, Munduko bi txapelketa jokatu ditu. Hala ere, Esnaola oso momentu onean dago eta sorpresa eman dezake».
Bihar VIgarren Berria Txapelketa kiroldegian
Bihar berriz, VIgarren Berria Txapelketako partidua jokatuko da kiroldegian. Aurrez aurre Gernikako Arkupe taldea eta Andoaingo Gazteluko taldea izango dira. Itxuraz partidu berdindua izango den arren, Andoaindarrak dira faborito. Partidua bihar, goizeko 10:30etan hasita, kiroldegian.