Kaxkoko trafikoa arautzeko ordenantza erakusketan dago, alegazioak jarri nahi badira

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 24a, 01:00

kaxkoko trafikoa mugatze aldera, kontrol sistema berria jarriko du hemendik gutxira Udalak. Kontrol sistema arautzeko ordenantza duela gutxi onartu da. Hala ere, behin betiko onarpena eman aurretik alegazioak egiteko epea ireki da, eta otsailaren 25a arte izango da aukera. Ordenantza Hirigintza zerbitzuan eskura daiteke, udaletxeko 4garren solairuan. Kotxeen sarrera mugatzeko kontrol sistemak Gudarien plazari, Atzieta kaleari, Kardaberaz kaleari eta Kale nagusiari eragingo dio. Jarriko den sistemak kale horietarako sarrera mugatu edo baimenduko du, eta horretarako piboteak edo antzeko sistema bat jarriko dute. Kaxkoan garajea dutenak edo bertan bizi direnak txartel bat eskuratuko dute pasabidea ireki eta edozein momentutan sartu ahal izateko.

Sartzeko ordutegiak:
Kale hauetan jarriko den sistemak ordutegi honekin funtzionatuko du: -Kardaberaz eta Kale Nagusirako sarrera goizeko 06:00etatik 14:00etara izango da irekia, astelehenetik ostiralera, banatzaileentzako. Kale hauetan garaje plaza dutenek edozein garaitan sartuko dira pasatzeko lizentzia eskuratuta. Erakunde publikoetako ibilgailuak eta larrialdietarako ibilgailuak ere edozein garaitan sartu ahal izango dira. -Atzieta kalea goizeko 06:00etatik arratsaldeko 20:00etara egongo da irekia, astelehenetik larunbatera. Ordutegi honetan edozeinek sartu ahal izango du. Ordutegi horretaz kanpo sartu ahal izango dute Kaxkoan erroldatutakoek, eremu horretan garaje plaza dutenak, erakunde publikoetako ibilgailuak eta larrialdietarako ibilgailuak. -Plazarako sarrera itxita izango da beti, eta honako hauek sartu ahal izango dute bakarrik: Kaxkoan garaje plaza dutenak, baimena duten banatzaileak, erakunde publikoetako ibilgailuak eta larrialdietarako ibilgailuak.

Atzietan aparkatzea
Atzietan, Kaxkoko erresidente txartela dutenek noiznahi aparkatu ahal izango dute, horretarako egokitutako lekuetan. Bestalde, ordu beterako aparkamenduak ere izango dira, astelehenetik larunbatera, goizeko 06:00etatik 20:00etara. Ordutegi horretan gerturatzen den edozeinek aparkatu ahal izango du, esan bezala, ordu betez.

Obra hasita
Joan den astean, eta astelehen honetan, Gudarien plazarako sarrera itxita izan da, kontrol sistema jartzeko obra egiten aritu baitira. Hau da, zuloak egin eta hodiak sartu dira aurrerantzean sistema instalatu ahal izateko. Zinkoenean lan hori eginda dago, obrarekin batean egin baitzuen Udalak.

Zein kaletan izango da kotxeak sartzeko kontrol sistema?
• Kale Nagusian, Kardaberaz kalean, Gudarien plazan eta Atzieta kalean. Nork sartu ahal izango du kale hauetan?
• Aipatutako kaleetan baimendutako garajea dutenak (errentan zein jabetzan). Garajearen pasabide (vado) lizentziak indarrean egon behar du. Garaje plaza bakoitzeko txartel bat banatuko da.
• Banatzaileak, kale bakoitzerako zehaztutako ordutegian.
• Atzieta kalean honako kale hauetan bizi direnak sartu ahal izango dute: Kale Nagusian, Kardaberaz kalean, Atzieta kalean, Karkaban eta Gudarien plazan. Aipatutako kale horietako batean erroldatuta egon behar da eta kotxeak ere helbide horretan alta emanda egon behar du. Txartelaz gain pegatina bereizgarri bat banatuko zaie herritar hauei, bertan erroldatuta dagoela adierazteko.
• Kaxkora gerturatzen diren herritar guztiak Atzieta kalean aparkatu ahal izango dute, adierazitako lekuetan, eta ordutegi honetan, eta ordu betez: astelehenetik larunbatera goizeko 06:00etatik 20:00etara.
•Atzieta kalean dauden tailerretako bezero eta erabiltzaileak.
• Erakunde publikoetako ibilgailuak eta zerbitzu publikoetako ibilgailuak.
• Larrialdi zerbitzuetako ibilgailuak, segurtasun indarrak, eta zerbitzu sanitarioetako ibilgailuak, lanean ari badira.
• Udaleko taxi lizentzia duten ibilgailuak, lanean ari badira
• Salbuespen bezala, multzo hauetan sartzen ez diren ibilgailuek ere sartu ahal izango dute kale hauetan, Udaltzaingoaren aldeko txostena izanez gero. Txartela lortzeko zer behar da:
• Eskabide orri ofiziala bete.
• 10 euro ordaindu eta ordaindu denaren ziurtagiria. Bi urterako balioko du
• Bi urtean behin txartela aurkeztu beharko da, berriz ere balioztatzeko.
• Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren frogagiria.
• ITV ziurtagiriaren fotokopia, edo pasa behar ez izanaren justifikazioa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!