hernaniko Udalak hiru proiektu aurkeztu ditu, Espainiako Gobernuak emango duen diru laguntza jaso ahal izateko. Diru sarreren beherakada dela eta, udalek diru gutxiago dute 2009ko inbertsioetarako, eta hori dela eta, Espainiako Gobernuak diru partida bat gorde du horretarako. Etxeberri auzoko zati bat urbanizatzeko, Zikuñaga auzo osoa urbanizatzeko eta Karabelgo zubia txukuntzeko eskatuko du laguntza Hernaniko Udalak. Espainiako Gobernuak diru laguntzak udalerriak dituen biztanleen arabera emango ditu. Hernaniri 3.383.000 euro dagozkio, aurkeztuko dituen hiru aurrekontuak batuta ateratzen den kopurua, gutxi gorabehera. Eskaria egiteko epea gaur bukatzen da eta Udalak dagoeneko egin du tramitea. Orain Espainiako Gobernuari dagokio jasotako eskariak aztertzea, eta espero da datozen asteetan erantzutea. Hernaniko Udalak egindako eskaria onartuko balu, hiru proiektu hauek %100ean ordainduko lirateke diru partida horrekin.
Etxeberri auzoko zati bat urbanizatu
Etxeberri auzoaren zati bat urbanizatzea da Udalak aurkeztu duen proiektuetako bat. Zehazki Etxeberriko 4,8,9 eta 10 blokeak dauden inguru hori urbanizatu nahi da. Inguru horretan, argiztapena, ur zikinen eta edateko uren sarea, eta kainozuloak berrituko dira; suteentzako ur tomak jarriko dituzte eta espaloiak zabaldu eta elbarrientzako egokituko dira. Obra honek 510.000 euroko aurrekontua du.
Zikuñaga urbanizatu
Zikuñaga auzo osoa eta ingurua urbanizatzeko ere egin du eskaria Udalak. Alde batetik auzoan barrena pasatzen diren errepideak aldatzea aurreikusten da, industriaguneetarako trafikoa errazteko, besteak beste. Horrekin batera, auzoan dauden malda, koska eta espaloiak ezinduak eroso ibiltzeko moduan jarri nahi da, eta espaloiak ez dauden lekuetan, jarri. Edateko uren eta ur zikinen sarea berritzea, kainozuloak eta auzoko argiteria berritzea; eta telefono eta elektrizitate lineak lur azpitik pasako dira, auzoko zati batzuetan linea hauek posteen bidez pasatzen baitira. Zikuñaga urbanizatzeko proiektu honen aurrekontua, 1.525.000 eurokoa da.
Karabelgo zubia txukundu
Eskarian sartutako hirugarren proiektua, Zinkoeneatik Karabelgo gasolindegira dijoan zubia txukuntzeko proiektua da. Zubia nahiko baldintza kaxkarrean dago, eta hori dela eta, proiektuan aurreikusten da errepidea berdintzea. Horrekin batera, asmoa da Zubipeko zelai aldera dagoen espaloia kentzea, eta beste aldean espaloi zabalago bat jartzea, 3 bat metro zabalekoa, oinezko eta ezinduak eroso ibiltzeko. Espaloi honen zati bat, airean geratuko litzateke. Espaloiaren eta errepidearen artean, bide gorria jarriko dute, Zinkoeneatik Uria enpresa dagoen horretaraino. Proiektu honek, 1.348.000 euroko aurrekontua du.