«Zein onura ateratzen du EBk udaletxeko gai garrantzitsuetan abstenituta?»

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 22a, 01:00

UDAL Aurrekontuen Plenoan abstenitu izanagatik hainbat kritika jaso ditu EBk. Prentsa ohar baten bidez hainbat adierazpen egin zituen alderdiak, eta oposizioko gainerako alderdiei eskatu zien beren kritikak azaltzeko. Oraingo honetan PSE-EEk erantzun du. PSE-EEk dionez, «EBk konbentzitu nahi gaitu eskuzabalkeriaz jokatzea dela herritarren interesak defendatzeko jarrerarik egokiena» eta aipatu du «ia horregatik oposizioko alderdiek aurkeztutako emendakin partzialak baztertu zituen EBk». PSE-EEren ustez EBren jarrera «ez da koherentea». PSE-EEk onartu berri diren aurrekontuen inguruko iritzia gogorarazi du, «gure ustez aurrekontuak onargarriak izateko honako atal hauek aldatu beharko lirateke: festa eta subentzioetarako, asesoreentzako eta politikarien soldatetarako diru partidak ez igotzea, eta Ongintza Patronaturako ekarpena ez izoztea». Alderdi sozialistak aipatu du EBrentzat «23.000 euroko diru partida gehitzearekin dena konpontzen» dela.

«Instituzioen funtzionamendua»
PSE-EEk aipatu du EBk leporatu diola udala aurrekontu gabe utzi nahi izatea. Horri erantzunez, alderdi sozialistak dioenez «horrek erakusten du EBk instituzioen funtzionamenduari buruz duen ezjakintasuna». PSE-EEk aipatu du instituzioetan aurrekontuak onartzea atzeratu egiten dela, berriak osatu arte. PSE-EEren ustez «ez da udaletxea geldiarazten, herritarren diruaren kontrola egiten da, eta kasu honetan EBren botoari esker, hau ez da posible izango». Bukatzeko galdera bat luzatu du PSE-EEk: «zein onura ateratzen du Ezker Batuak udaletxeko gai garrantzitsuetan abstenituta? Izan ere, beren ekintzen ondorioak aztertuta, ez da ikusten arlo sozialean herritarren bizi baldintzak hobera egingo dutenik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!