Barricada taldeak irekiko du etzi aurtengo txotx denboraldia

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 23a, 01:00

makina bat aldiz entzun dira Hernanin Barricada taldearen doinuak. Taldea Hernanin izango da igandean baina oraingoan bestelako mezuekin: Hernaniko aurtengo sagardo denboraldia irekiko dute talde mitikoko musikariek. Eguerdiko 12:00etan izango da, eta ondoren, egun osoko eta hilabeteetako festa hasiko da sagardoaren inguruan.

Barricada Hernanin
Txotx denboraldiko batzordeak aukeratu du talde nafarra egun seinalaturako, eta arrazoiak ere azaldu zituen atzoko prentsaurrekoan: batetik, Barrricada taldeak arrakasta haundia izan duelako, eta duelako oraindik ere; eta bestetik, tartean hernaniar bat dutelako, Ibon Sagarna baterijolea, eta hori, komisioaren esanetan, «inondik inora, ohore haundia» da. Urtero pertsona edo talde ezagunen bat gonbidatzen du komisioak txotx denboraldia irekitzeko jaialdira; joan den urtean Javier Vizcaino kazetaria izan zen eta aurrekoan Wazemank taldea.

Eguerdiko jaia
Igandean izango da egun haundia. Eguerdiko 12:00ak aldera plaza jendez beteko da, eta kupelez eta jendez inguratuta, Barricadako kideek urteko lehenengo sagardo kolpea eramango dute ahora. Eta ondoren, hernaniar guztiek. Ordu horretan harri jasotzaileen eta aizkolarien erakustaldia ere izango da plazan bertan. Horiez gain, dantzariak, bertsolariak, txalapartariak eta abar izango dira plazan, sagardoa probatzen ibiliko den jendearen artean. Incansables txaranga plazan eta herrian barrena ibiliko da festa giroa zabaltzen. Sagardoa estomago hutsik ez hartzeko, mokadu bat egiteko aukera ere izango da. Euria bada, jaia Atsegindegin izango da.

Denboraldiko egitaraua
Igandeko jaia aurkezteaz gain, txotx denboraldiko egitaraua ere aurkeztu zuten. Besteak beste, kale antzerkia izango da, Sagar Lasterra, Tolarea Kofradiaren Kapitulu berri bat, musika kontzertuak, umeentzako jolasak eta abar. Aurtengo berrikuntza bi sagardotegietan egingo diren bertso tramak izango dira.

Denboraldirako neurriak
Atzoko prentsaurrekoan Alkateak eta txotx denboraldiko komisioak, tartetan sagardogileek, tabernariek eta Berriak elkarteko ordezkariak, jakinarazi zuten duela urtebete txotx denboraldiak ekartzen dituen arazoak hobetze aldera hasitako lanak, emaitza ona eman dutela eta bide horretan jarraitzeko asmoa dutela. Horretarako, dagoeneko hartu izan diren neurriak hobetzeko asmoa dute, besteak beste, honakoak: Udalak garbiketa egiteko plan berezia jarriko du martxan, gauetan udaltzain gehiago ariko dira lanean, autobusak Ibaiondo eta Akarregi poligonoetara bideratuko dira, eta beharrezkoa bada, garabia erabiliko dute. Horrez gain, komunak hobeto seinalatuko dituzte eta kontzientziazio kanpainarekin jarraituko dute, Hernanin ondo pasa. Ez pasa Hernanirekin lemarekin hasitakoa, hain zuzen. Bestalde, tabernariek ere eragozpenak gutxitzeko ahaleginekin jarraituko dute; horretarako, plastikozko edalontziak bakarrik erabiliko dituzte, arratsaldeko 18:00etatik aurrera ez dute botilan serbituko; eta hauek kalera ez ateratzeko neurriak hartuko dituzte.

Egitaraua
Urtarrilak 31, El concursazo. Trapu Zaharrak-en kale antzerkia.
Otsailak 28, Sagar Lasterra.
Martxoak 7, Hipo eta Tomax. Atsegindegin.
Martxoak 15, Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiaren 40garren Kapitulua.
Martxoak 21, Zpeiz Mukaki taldea. Dantza ikuskizuna kalean.
12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Martxoak 22, Sagardo Eguna Chillida Lekun.
Martxoak 28, Esne Beltza Tilosetan.
Apirilak 4, Umeentzako puzgarriak. Atsegindegin, 16:30etan.
Apirilak 25, Kulki, herri kirolak umeentzat. Atsegindegi, 17:00.
Hitzaldia eta mahaingurua. Zehaztu gabe.
Bertso trama sagardotegietan. Iparragirren martxoaren 5ean eta Otsua Enean martxoaren 26an.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!