xalaparta elkarteak, bi urtetik behin, Hernaniar Bikaina titulua eskaintzen dio hernaniarren bati. Aurtengoa Patxi Apezetxea Txistulari Bandako zuzendari eta irakasleari egokitu zaio.
1945ean jaioa
Patxi Apezetxea Hernanin jaioa da, 1945eko urtarrilaren 30ean. Hernanin ikasi zuen eta, ondoren Donostian, injeniaritza ikasketak. Bertako irakasle izan da 43 urtean. Zuzendari lanetan ere aritua da, baita Hernaniko Karmelo Labaka eta Institutuan ere.
1966an hasi zen txistulari lanetan. Aurreko txistulari bandaren erreleboa hartu zuen, Ugalde eta Antsorena anaiena. Geroztik udal txistulari banda sendotzen lagundu du. Horrez gain, partiturak jasotzen ere ibilia da; hasi zenean ez zeukan partiturarik eta orain 500dik gora ditu.
Makina bat pieza ere sortu ditu berak, batzuk Hernanirekin zerikusia dutenak, besteak beste, Arrigoain, Himno Xalaparta eta Bartali.
Horrez gain, txistulari bandaren kontzertuak antolatzen ditu eta txistua ere jotzen du urteko egun seinalatuetan.
‘Hernani eta txistua’
liburuaren egilea
Patxi Apezetxea Hernani eta txistua liburuaren egilea da. Horrez gain, hitzaldiak eta kolaborazioak egin ditu eta mahai inguruetan parte hartu izan du, gaiaren inguruan.
Ez du aurreneko omenaldia
Patxi Apezetxea makina bat omenaldi jasotakoa da dagoeneko. 1991n Hernaniko Udalak eta Kriskitiña dantza taldeak omendu zuten; 2003an, bandako beste kideekin batera, San Juan festei hasiera eman zien; 2004an, Tolare Kofradiak Ohorezko Kofrade izendatu zuen. Auñamendi entziklopedian lekutxo bat dauka Patxi Apezetxeak.
Hernaniar bikain asko
Hernaniar bikainak beti izan dira, eta Xalaparta elkartea bere zerrenda propioa egiten ari da; besteak beste, honakoak izendatu ditu orain arte: Joxe Mari Garin, Elias Querejeta, CD Hernani, Martin Zabaleta, Antxon Idarreta, Luis Blas Zulueta, Pruden Aierra, Juan Bautista Adarraga, Ignacio Iruin, Manuel Sagarna, Jacinto Santin, Fermin Cuesta, Angel Olaran, Inés Sarasua eta Alfredo Azkue, eta Jose Maria Setien.