joan den astean onartu ziren Udal Aurrekontuak. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen; PSE-EEk, EAJ-PNVk, EAk eta PPk kontra bozkatu zuten, eta Ezker Batua abstenitu egin zen. Honek berdinketa ekarri zuen bozketan eta Alkatearen kalitateko botoarekin egin zuten aurrera aurrekontuek. Ezker Batuak hainbat kritika jaso ditu abstentzioa dela eta, eta prentsa ohar baten bidez, hainbat adierazpen egin nahi izan ditu alderdiak.
EBk azaldu du ez zuela aurrekontuen alde bozkatu «krisi garai hauetan ez dutelako arlo sozialean dauden aspirazioak betetzen». Horrekin batera aipatu du alderdi gehienek ez zutela ezer esan «9 milioiko kreditua eskatzeko erabakiaren aurrean, eta orain, behar gehiena dutenei emandako laguntza izoztu izana salatu dute. Diputazioaren eta PSOEren Gobernuaren politika fiskala da limitazio sozialen erruduna, aberatsenei zergak jaisteagatik».
«Demagogia izugarria» egin dela iruditzen zaio EBri eta honen atzean nahi bat ezkutatzen dela aipatu du: «udaletxea aurrekonturik gabe uztea eta hernaniarren arteko enfrentamendua haunditzea».
EBk aipatu du bere alderdiak ez duela dudarik egin «giza eskubideen urraketa eta mehatxu terrorista kondenatzerako garaian, baina EB ez dago prest ezezkoaren blokean parte hartzeko (PP, EA, EAJ-PNV eta PSOE), gizarte arloan eta arlo demokratikoan egin diren proposamenek direla eta».
Bukatzeko aipatu du «EAJ-PNV eta beste alderdiek EBren kontrako kritikak azaldu beharko» dituztela: «ia aurrekontuen gaian protagonismoa galdu dutelako egin dituzten edo naturaz kontrakoa den aliantza batean gobernatzen jarraitu nahi duten, hernaniarren arteko enfrentamendua haundituz».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!