Erreportjea: Urko Apaolaza.
PAVIAko Batailan harrapatu zuen Joan Urbietak Frantzisko I.a, Frantziako erregea, 1525garren urtean. Letra handitan pasa da pasadizo hura historiara, zeren eta, Europako bi erresuma handienen arteko norgehiagoka erabaki zuen, espainolen alde, jakina denez.
Seme fortuna zalea
Egiari kasu egiten badiogu, esan liteke Urbieta suerteko gizona genuela, borrokan ari zela Frantziako erregea muturren aurrean erori baizitzaion, esku-eskura. Hori bai loteria! Zeinek daki... baliteke monarkak zaldi azpitik askatzea lortu izan balu, borrokaren emaitza bestelakoa izatea (esaten dute Frantzisko gizon sensiblea eta edukatua zela, baina horrelako egoeratan basakatu bilakatu daiteke gizasemea); auskalo... agian, hori gertatu izan balitz, Frantziak Enrike IV.a errege nafarra berrezarriko luke, espainiarrak izorratzeko, noski. Eta abertzaleak pentsa dezake: ´Orduan, Nafar Estatu Independentea izango genuke gaur!`
Baina ez. Joan Urbieta gerlari abila zen, eta egungo navarristen lasaitasunerako arrain handia harrapatzeko ´txiripa` izan zuen. Beraz, mesede ederra egin zien hernaniarrak Nafarroa konkistatu berri zutenei. Eta paradoja bat ematen du, baina Urbietaren azaña arriskutsua gehien goratu dutenak euskaldunak izan dira. Juan Inazio Iztueta (1767-1845) jakintsu bihurriak zera esan zuen: ´...atzeman zeban Francisco lenengoa errege Franziakoa España guztiaren ondra andirako`. Historiak kapritxo txiki horiek izaten ditu askotan.
Dena den, ez diogu Hernaniko semeari meriturik kendu nahi. Ez dugu uste inork bere lepoan egon nahi lukeenik, Frantzisko hori sensiblea eta edukatua zela esan arren.
´El gizon de Abillats`
Ereñotzuko Arriurdiñeta etxean sortu omen zen Joannes de Urbieta Berastegi, nahiz eta batzuek Abilatsekoa zela dioten (El gizon de Abillats, deitu zion Fausto Arocena historialariak). Ez dakigu justu noiz jaio zen, XVI. mende hasieran frantsesek herria eta bere artxiboa kiskali baitzuten. Hala ere, Gregorio Mujika (1882-1931) idazleak dio pobrea zela: ´Gurasoen lanak zekarren ogia besterik etzan etxean`. Mujikak Ernaniar ospetsuak izeneko liburuan eman zigun Urbietaren berri. Euskara herrikoian idatzi zuen, euskaldun xumeengana iristeko (Pernando Amezketarraren ibilerak berari zor dizkiogu, adibidez), eta horregatik, barkatuko diogu Urbietaren bizitza deskribatzeko erabili zuen harrokeria. ´Euskaldunen eskuetan ezpatea beti izanda bildurgarria` dio Mujikak. Zergatik jo ote zuen Arriurdiñetakoak gerrara? Jaiotze akta erre izana, frantsesei ezpataz ordaindu nahi zien akaso?’’.
Paviako protagonista
Nafarroako konkista eta gero, Frantzia eta Espainiaren arteko borroka gunea Italia izan zen. Hango dukerriak karamelo goxoegia ziren, eta horregatik, Paviako borrokaldian indar guztia jarri zuten biek ala biek. Frantsesek hiria setiatu zuten, espainiarrek goseak akabatuta etsiko zutelakoan. Baina... bai zera! Gaizki kalkulatu zuten eta espainolen pika luzeen artean erori ziren zaldun frantsesak.
Bataila horren erdian kokatu behar dugu Joan Urbietaren balentria. Gertatutakoaren bertsio ezberdinak daude, baina euskal kronista guztiek (Garibai, Zaldivia, Isasti...) honakoa kontatu izan dute:
Arkabuzero batek Frantzisko I.aren zaldia hil eta erregea azpian geratu zen harrapatuta. Hartzen du Urbietak ezpata, jartzen dio lepoan, eta ´errenditu!` esaten dio monarkari. Erregea zela aitortzean, Urbietak falta zitzaizkion bi hortzuloak erakutsi omen zizkion: ´Honengatik ezagutuko nauzu`, eta segidan, larri dabilen bere nagusi Hugo Moncada salbatzera abiatzen da. Hortik gutxira Diego de Avila izeneko bat azaldu zen Frantzisko I.a zegoen lekura: ´Erregea zarela? Demostratu ezazu!` eta honek ezpata eta eskularruak ematen dizkio proba bezala. Hori gutxi balitz, hirugarren batek ere egiten dio kasu lurrean segitzen duen monarkari, Alonso Pita da Veiga izeneko galiziarrak, eta honen ondoren, Juan de Aldama izeneko beste tipo bat etortzen da asmo berarekin.
Imajina dezakezue sekuentzia horrek sortzen duen nahasmena. Nor saritu? Zeini sinestu? Arazo larriaren aurrean jarri zuten Karlos V. Enperadore gizajoa... Espainiarrak, Jainkoaren graziaz, justua izateko beharra sentitu zuen nonbait: lau hautagaiei meritu berbera aitortu zien. Eskuak garbitu zituela, alegia. Joan Urbietarentzat zera idatzi zuen Enperadoreak: Fué uno de los que fueron a hacer rendir y a prender a dicho rey de Francia. Hori esatea baino, hobe luke isilik egon.
Fausto Arocenak estudio zehatza egin zuen honen guztiaren inguruan 1934an. Hain zuzen, azterketa horrengatik izendatu zuten Espainiako Historiaren Akademiako kide. Arocenak, kronista guztien lanak banan-bana deskartatu zituen eta Pavian izan zen fraile baten bertsioari erreparatu zion. Bere ustez, Joan Urbietak Erregea preso hartzeko ´lehentasuna` izan zuen. Urbieta da, hortaz, espainiarren heroia.
Armarria eta sariak
Frantzisko I.ak, edukatua bera, eskerroneko gutuna idatzi zion bizia barkatu zion euskaldun baliente horri. Gutun horrek dio, Urbietak, ordainetan, preso zegoen bere jaun Hugo Moncada askatzeko besterik ez zuela eskatu. Bestalde, esaten da, Frantzisko I.a Madrilen askatu eta etxera joan zenean, Urbietak bisita egin ziola. Jakina, ez dakigu non amaitzen den egia eta non hasi mitoa.
Hala eta guztiz ere, Joan Urbietak pribilegio eta sari ugari irabazi zituen. Kapitain izendatu zuten, bai eta Santiagoko Ordeneko Zaldun ere. Gainera, Karlos V.ak armarria eman zion. Armarri horrek oso ondo ilustratzen du Pavian gertatutakoa: Lehen planoan ageri da Erregea preso hartu zuen zelaia; atzean, Tesino ibaia eta Pavia hiria; erdian, Erregearen zaldia erortzeko zorian; eta denen gainetik, Urbietaren besoa ezpata eskuan duela. Txiripa izan edo azaña izan, horra koadro paregabea.
Heriotza Hernanin
Beranduago, ez dakigu noiz, Urbieta sorterrira itzuli zen, eta ´han bizi izan zan pakean, gudaren iskanbillaren ordez, txorien eresiak adituaz`, dio Gregorio Mujikak. Hernanin hil zen gure gizona, 1553ko abuztuaren 23an, testamentuak eta gainerakoak ondo loturik utzita, noski. Egin zitzaion hiletaz ez da aurkitu inon benetazko aipamenik, eta Lopez Alen euskarafiloaren ameskeriekin konformatu beharko dugu, Euskal-Erria aldizkarian duela ehun urte idatziak: ´Bihar, lau Zaldunen bizkarrean, Hernaniko San Joan tenpluan sartuko da, On Juanes de Urbieta` (guk euskaratua).
Beraz, Hernaniko elizan hilobiratu zuten honako epitafioarekin: Hoc facet in templo magnus de Urbieta Joannes. Badirudi, Urbietaren hilobia Konbentzio Gerran profanatu zutela frantsesek, 1796 inguruan. Antza, ezin zuten eraman sugegorri horrek beraien jaunari egindako desonra.
Bistan denez, Joan Urbietaren gertaerak interpretazio ugari ditu; baina ezin dira orduko ekintzak gaurko antiojuekin begiratu. Juan Ignazio Uranga olerkariak konseju txit argigarria eman zigun hernaniarrei 1910ean:
Ernani-tarrak; oraiñ dezute gayaz aukera,
zuek-tarra zan orlako gizon pizkor ernea,
pozaren bidez gora zazute orko semea
gora zazute agai sendoan artza bandera
apain dediyen bere omenaz Ama Euskera. yy
Monolitoa Ereñotzun
ARRIURDIÑETA eta Latxe artean Juan Urbietaren omenez eraikitako monolito xume bat existitzen da. Harritzarraren aurrealdean (bi metro pasatxo neurtzen du luzeran) Urbietaren armarria eta plaka bat ageri dira: Juan de Urbieta. Aprenhensor de Francisco I, rey de Francia, en la batalla de Pavia dio plakak.
Monolitoa 1953an eraiki zuten, hernaniarraren heriotzaren IV. urteurrena zela-eta. La Voz de Españak honela zioen: ´En el barrio de Lache tuvo lugar la inauguración de un monumento levantado en el solar donde se asentó la casa nativa del héroe`. Ekitaldia antolatu zutenek (Udaleko karguek eta beste), Fagollagan bazkari aparta izan zuten, abuztuko egarria ´ardo espainiarrarekin` asetuz.
Plazan monumentu bat jartzeko asmoa
Egia esan, monolitoa deskuiduan pasa liteke baratza artean. Bestela izan zitekeen XIX. mendeko proiektu batek aurrera egin izan balu. 1856an eta 1866an, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Urbietaren omenez irudi bat jasotzea adostu zuten, haundikiro, udaletxe parean. Baina ez dakigu zergatik, irudirik ez zen jaso. Agian, Urbietaren irudia jarri izan balute, hernaniarrok ez genuke jasan behar izango hainbeste gorroto begirada jaso zuen ´Herorien Monumentu` frankista. Jasoko al luke Urbietak gorroto begiradarik? Igual gaur egungo anteojoekin bai, nork daki. Baina hara zer esaten zuen Kaietano Sanchezek Baserritarra aldizkarian, 1909ko bertso sorta baten amaieran:
Ernanik oju egin lezake / burua gora jasorik,
Urbieta zeintzan erakusteko / ezdaukalako lotsarik,
esanaz bada Euskal-erriyan / baldin badago gizonik,
onen talluntza plazan erdiyan / ipiñizazute zutik
Kontuak kontu, Joan Urbietak badu kale nagusi bat Hernanin, beste bat Donostian; eta bai, Madrilen ere badu kale bat Hernaniko heroiak. yy