Kantuz abesbatzak ETBko ‘Oh happy day’ lehiaketan izango da

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 18a, 01:00

HILAREN 24an lehiaketa berria hasiko da ETB 1n, Oh happy day izenarekin. Bertan Gipuzkoa eta Bizkaiako 8 abesbatzek hartuko dute parte, eta tartean izango da Hernaniko Kantuz abesbatza. Saioa Klaudio Landak aurkeztuko du.


Nomimazio sistema
Lehiaketan guztira 8 abesbatzek hartuko dute parte. Kantuzekin batean, Trapagaran, Basauri, Barakaldo, Bermeo, Errenteria, Donostia eta Oñatiko abesbatzak izango dira. Astero saio bat izango da eta bertan abesbatza bakoitzak abesti bat kantatuko du. Emanaldi artean abesbatzaren berri emateko klip laburrak jarriko dituzte. Astero astero 4 abesbatza nominatuko dira, eta horietako bat lehiaketatik kanporatuko da. Zein nominatu eta nor kanporatu erabakitzeko epaimahai bat izango da, Iñigo Arbiza, Unai Zabaleta eta Miren Fernandezek osatuko dutena. Kantuz abesbatzarentzat erronka izango da lehiaketan parte hartzea. Abesbatza kantatzera ohituta dago, baina koreografiak ere landu behar dituzte, eta hori izango dute erronka nagusia.


30 talde kastinean
Kantuz abesbatzak maila duela erakutsi du, izan ere, lehiaketara 30 talde aurkeztu ziren eta aukeratu dituzten 8 taldeen artean dago Hernaniko abesbatza. Aukeraketa prozesuan, produktorakoak etorri ziren Hernanira entsaioetara, eta abesbatzak ere orain arte egin dituen hainbat emanaldien grabaketak eta bideoak bidali ditu.


Dirua Italira joateko
Kantuz abesbatza Italiara joateko asmotan dabil, elkartruke bat medio. Urtarrilaren 2an Italiako Libera Cantoria Pisani abesbatzak emanaldia eskaini zuen Milagrosan, eta boladatxo bat ere egin zuen inguru hauetan. Orain Kantuz abesbatzak joan nahi luke Italira, Pazko astean, inguruak bisitatu eta emanaldiren bat egitera. Lehiaketa irabazten duen abesbatzak 6.000 euro irabaziko ditu, beraz abesbatzako kideak beren onena emateko prest izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!