HERNANIKO txotx irekierari aurre hartuta, asteazkenean egin zuten Astigarragan denboraldiko aurreneko txotx-a. Hernanin datorren asteko igandean emango zaio hasiera denboraldi berriari, 2003garren urtetik egiten den bezala, aurten ere Gudarien plazan. Kupela ireki eta sagardo berria probatzen arduraduna Barricada musika talde ezaguna izango da, bertako baterijolea hernaniarra baita: Ibon Sagarna. Hernaniarrarekin batera, taldekideak, teknikoak, laguntzaileak eta abar ere etorriko dira irekierara. Hala ere, datorren igandeko irekieraren nondik norakoak ostegunean izango den prentsaurrekoan adieraziko dituzte.
Astigarragan asteazkenean ireki zuen Aimar Olaizolak
Astigarragako lehen kupela irekitzen arduraduna Aimar Olaizola pelotaria izan zen, eta urteroko moduan, ikusmira handia sortu zuen ekitaldia izan zen. Pelotariak ondoan izan zituen dantzaria, txalapartariak eta txistulariak, eta Agurra dantzatu bezain laister, dantzariak berak ireki zuen kupela, Aimarrek sagardoa hartu eta «hau da aurtengo Astigarragako sagardo berria» esanaz, hasiera eman zion denboraldiari.
Ekitaldiaren ondoren, Petritegin bildutakoak iladan jarri eta sagardo berria probatzeari ekin zioten. Jarraian, kupeltokia momentuz utzi eta sagardotegiko jangelara pasa ziren, dena prest baitzegoen bazkaltzen hasteko.
Aurpegi ezagun asko
Euskal Herriko aurpegi ezagun asko bildu ziren Petritegi sagardotegian: besteak beste, Kirol eta kanpo ekintzetako diputatua den Iñaki Galdos; Landa garapen ikuspegi saileko diputatuta den Rafael Uribarren; Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, arrantza eta elikadura sailburua den Gonzalo Sáenz de Sanmaniego; Astigarragako sagardogileak, tartean Sagardogileen ordezkaria den Joxe Angel Goñi; eta Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak.
Azken hamarkadetako uztarik haundiena
Petritegiko ekitaldiaren aurretik, prentsaurrekoa izan zen Astigarragako Sagardo Etxean. Hitz egiten lehenengoa Zorione Etxezarraga izan zen, Astigarragako alkateordea, eta azpimarratu zuen «Astigarragan sagardoak mugitzen duen guztia sinbolismoz beteriko errituala dela, eta horregatik bai herritarrek eta baita kanpotarrek ere errespetua izan behar dutela».
Hala ere, prentsuarrekoan atentzio gehien piztu zuten hitzak Joxe Angel Goñirenak izan ziren, Sagardogileen ordezkariak; bera izan baitzen aurtengo sagardoaren inguruko datuak eman zituena. Adierazi zuenez «aurten uzta historikoa izan da, azken hamarkadako haundiena. Eguraldia oso lagungarria izan da, eta horrek sagastietan zomorroa ez zabaltzen lagundu du. Gainera, aurten sagar urtea tokatzen zen (bi urtetik behin izaten da) eta aipatutako kondizio guztiek sekulako uzta izatea eragin dute. Aurtengo sagardoa oso ona da, zaporez lehorra mikatz puntuarekin. Kolorez berriz, argiagoa, berde kolorea du tonu horiekin. Zitrikoagoa da eta usain gozoagoa du».