2009rako Udal Aurrekontu proiektua onartu zen ostegunean izan zen Pleno berezian. Gobernu Taldeak osatutako aurrekontu proiektuak berdinketa ekarri zuen bozketan: Gobernu Taldeko kideek alde bozkatu zuten; PSE-EE, EA, EAJ-PNV eta PPk aurka bozkatu zuten; eta EB-Aralarreko zinegotzia abstenitu egin zen. Bozketa berriro egin eta berdinketa errepikatu ondoren, Alkatearen kalitateko botoarekin egin zuen aurrera aurrekontu proiektuak.
Emendakinak
Oposizioko alderdi gehienek, hau da, PSE-EE, EAJ-PNV, EA eta PPk osoko emandakinak aurkeztu zizkieten bere garaian, hau da, eskatu zuten aurrekontua osorik atzera bota eta berria aurkezteko. Alderdiek hainbat emendakin partzial edo zehatzak ere aurkeztu zituzten, baina EBk aurkeztutako emendakina izan da onartu den bakarra. Hemendakin horretan eskatzen zen, Udalak Ongintza Patronatuari egin beharreko ekarpena igotzea, etxez etxeko laguntza zerbitzuen orduak mantentzeko. Zehazki 23.000 euroko igoera onartu zen. Aldaketa hori aurrekontuan txertatuko da orain.
Diru sarreren beherakada
Onartu berri diren aurrekontuen ezaugarri nagusietako bat da, diru sarrerek behera egin dutela. Diru sarreraren beherakada, batez ere, etorri da Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak egiten duten diru ekarpenean beherakada izan delako. Bestalde, hirigintzako aprobetxamendu eta zergetatik ere diru gutxiago aterako du Udalak, ez baita espero 2009an eraikuntzaren sektorean mugimendu haundia izaterik herrian.
Ohiko gastuak murriztu inbertsioak mugatu
Diru sarreren beherakadak ekarriko du, 2009an: alde batetik, ohiko gastuetan patrikari begiratzea; eta bestetik, inbertsioak murriztea. Guztira 2.734.000 euro izango dira 2009an inbertsioetarako. Atal horretako dirurik gehiena Maria Magdalena Zaharren Egoitzako obrak bukatzeko erabiliko da, hau da, 2.546.000 euro.
Irakurketak egiteko irrati frekuentzia erabiltzen duten ur kontagailuak jartzeko diru partida ere gorde da inbertsioen atalean. Elizatxorako diru partida bat ere badago inbertsioetan. Garai batean urbanizazio lanak egin zirenean, hainbat baratza kendu ziren. Baratzen jabeei esan zitzaien trastero moduko batzuk egingo zitzaizkiela ordainean. Gordetako diru partida trastero horiek egiteko bideratuko da.
UDAL AURREKONTUA
(25.064.473 euro):
• SARRERAK, besteak beste:
- Zergak, tasak: 9.381.514 euro.
- Transferentziak (Erakunde ezberdinetatik
etortzen den dirua, Jaurlaritza, Diputazioa, Estatua....): 13.012.023 euro.
- Hirigintza aprobetxamenduetatik aurreikusten diren diru sarrerak: 350.000 euro.
- (...).
• GASTUAK, besteak beste:
- Pertsonalean: 7.386.186 euro.
- Ondasun arrunt eta zerbitzuetan (materiala, telefonoa, publizitatea, konponketak, argitalpenak, kanpainak....) 8.764.564 euro.
-Transferentzia arruntak, 5.170.965 euro.
- Ongintza Patronatuarentzat, 2.410.650 euro.
- Kirol Patronatuarentzat, 1.212.675 euro.
- Kooperazio arloa (Hirugarren mundurako laguntzak, Saharako kanpamenduetara joateko laguntzak), 170.511 euro.
- Euskara zerbitzuak bideratutako diru
laguntzak, 239.302 euro.
-Hezkuntza arloa (Epa, Haur Eskola,
ikastetxeak..): 23.327 euro.
-Ingurumena (sasiak garbitu...), 46.667 euro.
-Auzo elkarteei laguntza 59.156 euro.
-San Markos Mankomunitateari ekarpena (hondakinen kudeaketa), 616.303 euro.
-Behemendirentzako ekarpena 25.657 euro.
- (...)
- Kapital transferentziak: 158.000 euro.
- Ongintza Patronatuarentzat, 10.000 euro.
- Kirol Patronatuarentzat, 100.000 euro.
- Bizigune programarentzat, 48.000 euro.
- Inbertsioak: 2.734.120 euro, besteak beste:
-
Zaharren Egoitza haunditzea, 2.545.986.
- Arau Subsidiarioan testu berritua
prestatzea, 20.000 euro.
- Ikerketa, azterketak eta proiektuak,
15.000 euro.
- Udal eraikinak: Elizatxo auzorako trastetegia eta lokala, 41.917 euro.
-Ur hornidura: irrati frekuentzia bidezko
ur kontadoreak jartzea, 36.000 euro.
-Musika Eskolarako
hainbat inbertsio, 4.212 euro.
-Liburutegirako hainbat inbertsio, 50.096 euro.
-Informatika arloko hainbat inbertsio,
23.000 euro.
- (...).
(Oharra: aurrekontu proiektu honek aldaketak izango ditu datozeen asteetan, EBren emendakinean agertzen den partida erantsi eta soldatetan beherakadak izango baitira (IPCak behera egin duelako... besteak beste.)
KIROL PATRONATUKO AURREKONTUA:Ur parkean konponketak egitea eta bertako kafetegia urte osorako erabiltzeko moduan jartzea, inbertsio nagusiak KIROL Patronatuari dagokionean, ohiko gastuei aurre egiteko diru partidetaz gain, ur parkera bideratuko da dirurik gehiena. Guztira 100.000 euroko partida bideratu da ur parkera. Gobernu Taldeak azaldu duenez, ur parkean irristatzearekin arazoak izan dira eta arazoa konpontzeko bideak jarri nahi dituzte, datorren udan arazorik izan ez dadin. Bestalde, ur parkeko kafetegia ur parketik bereizi nahi lukete, kafetegia urte osoan zehar erabili ahal izateko. KIROL
PATRONATUKO AURREKONTUA (2.168.837 euro):
• SARRERAK, besteak beste:
- Tasa eta bestelako zergak: (abonuak, ikastaroak..) 826.105 euro.
- Transferentzia arruntak (erakunde ezberdinetatik etortzen den dirua) : 1.237. 625 euro
- Diputaziotik 21.750 euro.
- Udaletxetik 1.212.675 euro.
- (...).
• GASTUAK, besteak beste:
- Pertsonalean: 597.247 euro.
- Ondasun arrunt eta zerbitzuetan (telefonoa, bulego materiala, ura, gasa, instalazioen konponketak eta mantenimendua...) 1.329.224 euro. - Tranferentziak (diru laguntzak klubei, kirol ekintzetarako laguntzak, eskola kirola...) 128.750 euro.
- Inbertsioak:
- Kiroldegiko eraikinak eta bestelako lanak: 100.000 euro.
ONGINTZA PATRONATUKO AURREKONTUA
Zaharren Egoitza haunditzeko obrak bukatzea aurtengo aurrekontuen lehentasuna AURTENGO aurrekontuetan, orokorrean, Maria Magdalena Zaharren Egoitza haunditzeko lanak bukatzea izango da lehentasuna. Obra bukatzeko 2.546.000 euroko partida gorde da aurrekontu proiektuan, inbertsioen zatirik haundiena, %93, hain zuzen. Obra hori bukatzeko Diputazioak 1.261.000 euro jarriko ditu.
ONGINTZA AURREKONTUA (7.155.484 euro):
• SARRERAK, besteak beste: - Tasa eta zerbitzuetatik (Zaharren egoitza, Sandiusterri, etxez etxeko laguntza, eguneko zentroa, ...) 1.407.739 euro.
- Transferentzia arruntak:: 5.732.958 euro.
- Eusko Jaurlaritzatik: 371.227 euro.
- Diputaziotik: 2.935.755 euro.
- Udaletik: 2.425.836 euro.
- Kapital transferentziak:
- Udalaren ekarpena inbertsioetarako: 10.000 euro.
- (...).
• GASTUAK, besteak beste:
- Pertsonalean: 3.527.840 euro.
- Ondasun arrunt eta zerbitzuetan (mantenimendua, ura, gasa, telefonoa..) 3.114.600 euro.
- Tranferentziak (diru laguntzak familiei, eraundeei, jubilatuen etxerako... ) 303.043 euro.
- Inbertsioak: 10.000 - Zaharren Egoitza 8.000 euro.
- Administrazio orokorra: 2.000 euro.
Udal Aurrekontuei inguruan egindako adierazpenak:
Gobernu Taldea: «Oposizioak ez du gaitasunik erakutsi proposamenak egiteko»
ALKATEAK hainbat adierazpen egin zituen aurrekontuak onartu ziren Plenoan, beste alderdiek egindako kritikei erantzunez: «Leporatu izan digute akordiorik ez dugula bilatu. 2008ko aurrekontuak osatzerakoan, prozesu parte hartzaile bat jarri genuen martxan, eta gainerako alderdiek esan ziguten gure egitekoa zela aurrekontu proiektua osatzea, eta gero beste alderdiek emango zutela iritzia. Horixe da egin duguna». Proposamen zehatz falta ere aipatu zuen Alkateak: «aurrekontu proposamena txarra bada, oposizioak badauka nola hobetua, emendakin partzialak aurkeztuta. Baina oposizioak ez du gaitasunik erakutsi proposamenak egiteko, bost emendakin bakarrik aurkeztu baitira». Bestalde, oposizioak aurkeztutako emendakinetan esandako hainbat gauza gezurtatu zituen Alkateak: «ur parkean eta bertako tabernan ez dela ezer egiterik aurreikusi, edo soldaten igoerarena kasu; soldatak asko igota ere, oposizioak jarri zituen soldatetara iristeko urte asko beharko dira. Emendakinak aurkezteko denbora nahikorik izan ez dela ere komentatu da; epeak denon artean adostu genituen. Emendakinik egon ez bada ez da epearen errua, emandakinak ez dira aurkeztu, aurkeztu nahi ez zirelako edo gaitasunik ez delako izan» .
PSE-EE: «Herritarren parte hartzea ez da aurrekontuetan inon islatzen»
JOSE Ramon Chicak, PSE-EEko bozeramaileak onartutako aurrekontuen inguruko desadostasuna adierazi zuen osteguneko Plenoan: «Ezker Batuaren abstentzioa lortu eta aurrekontuak onartu izanak ez du esan nahi aurrekontu hauek egokiak direnik. Aurrekontuek ez dute alderdi sozialean apusturik egiten». Aurrekontu hauetan berrikuntzarik ez dagoela ere aipatu zuen PSE-EEko bozeramaileak «herritarren parte hartzea ez da inon islatzen aurrekontuetan, eta esango genuke, parte hartze falta dela aurrekontu hauek erakusten dutena. Herritarren ordezkarien parte hartze falta ere somatzen da, izan ere 15 egun eman zaizkigu aurrekontua aztertzeko, eta Gabon garaian gainera, azalpenak emateko teknikoak ez zeuden garaian». PSE-EEren ustez, krisiaren aurrean hartu beharreko neurriak dira, gastuak murriztea, beharrezkoak ez diren gastuak alde batera uztea, politika sozialak indartzea eta inbertsio publikoa sustatzea: «honetatik bete den gauza bakarra izan da gastuak murriztea, eta aurrekontua kuadratzeko helburuarekin». Inbertsioei dagokionean PSE-EEk dio 2009an egingo den inbertsio bakarra Espainiako Gobernuak egingo duela, «horri eskerrak, azkenean, Etxeberri eta Zikuñaga auzoak urbanizatu egingo dira, izan ere, udaletxeak finantziatuko duen bakarra izango da Zaharren Egoitza haunditzeko obra, eta hitzartua dagoelako».
EAJ-PNV: «Aurrekontuei ‘parte hartzailea’ deitzea burla iruditzen zait»
ANDONI Amonarraiz, EAJ-PNVko bozeramaileak, prentsa ohar baten bidez iritzia plazaratu du onartu berri diren aurrekontuei buruzko: «Iazkoa errepikatu da. Ustez parte hartzaileak diren aurrekontuak kontrako zortzi botoeekin onartu dira, EBren abstentzioarekin, eta Alkatearen kalitateko botoarekin. Legala da, horrela da demokrazia; baina aurrekontuak aurrera ateratzeko moduari, parte hartzailea deitzea, ordezkari politikoei eta herritarrei burla egitea iruditzen zait». EAJ-PNVko bozeramaileak adierazi du, prozesu honetan gehien harritu duena EBren jarrera izan dela: «Joan den legealdian Gobernu Taldea osatu zuen EBk eta aldatu edo aurrera atera behar zirela uste zituen gauzetan negoziatu eta presionatu egiten zuen, osoko emendakin bat ere aurkeztu zuen. Gaur egun EB oposizioan dago eta emendakin partzial bakarra aurkeztu du, asesoreak egotearen aurka dagoenean, informazio faltagatik atsekabetzen denean, edo aurreikusitako batzordeak egiten ez direlako nazkatuta dagoenean. Hau ikusita, nere buruari galdetzen diot: zertan dabil EB?».
EA: «Aurrekontuak gastu sozialaren kontura egin dira»
EUSKO Alkartasunako bozeramaileak ere, Iñaki Arratibelek, prentsa ohar baten bidez adierazi ditu onartu diren aurrekontuekiko desadostasunak. EAren iritzira, aurrekontuak gastu sozialen kontura egin dira: «Foru Aldundiak Zaharren Egoitzarako ekarpena ia %5 igotzen duen bitartean udalak ongintzari egiten dion ekarpena ia dagoen bezala mantentzen du. Antzeko esfortzua eginez gero, etxez etxeko laguntza zerbitzuan itxaron zerrendan dauden 60 pertsonak, hauetatik 15 premiazko egoeran, jasaten duten egoera arintzeko prest izango ginateke». Testuinguru honetan, hainbat gastu igotzea ulertezina dela aipatu du EAk: «arkitektoen partida 50.000 eurotik 66.000 eurora, edo aholkulari juridikoena 59.393tik 71.566 eurora igo da. Zer esanik ez festen partidan onartutakoa, %14 igo baita».
PP: «Krisi garaian aurrekontuek ez dute alternatibarik eskaintzen»
PPk osoko emendakina aurkeztu zien aurrekontuei. Emendakinean aipatzen du «zalantzazko egoera juridikoa duen talde batek eta sistematikoki terrorismoa salatzeari uko egiten dion talde batek aurkeztutako aurrekontuei» ezin diola baiezkorik eman. Aurrekontuek krisiaren kontestuan alternatibarik ez dutela aurkeztu ere aipatzen du, eta jasotako subentzioak ikusita alor sozialak ez duela behar bezalako igoerarik izan.
EBk ez du adierazpenik egin nahi izan.