hernaniko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak 15ean behin Kronikara bidalitako prentsa oharren bidez, presoei dagozkien gaiak kaleratu nahi ditu. Oraingoan bizi guztiko espetxe zigorraren inguruko azalpenak eta iritzia azaldu nahi izan ditu. Erakundearen esanetan, 28 presori bizi guztiko espetxe zigorra jarri diete, tartean hiru hernaniarri: Pakito, Inma eta Baldo, Auzitegi Gorenaren 197/2006 sententzia aplikatuta. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, «kalean egoteko eskubidea ukatu zaie, preso mantentzen dituzte urrundurik, eta bizi baldintzarik gogorrenetan. Kondena beldurgarriak beteta izan arren, bahiturik mantentzen dituzte».
Kolektiboaren aurkako neurri eta lege aldaketa
Elkarteak salatu du presoei aplikatzeko legeak aldatu egiten direla, «Espainiar eta frantziar estatuek, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurkako neurri eta lege aldaketa ugari egin dituzte», eta aldaketa horiek salatu dituzte, besteak beste, «epaitegiak zentralizatu, kode penal berriekin espetxe zigorrak luzatu, erredentzioak lortzeko aukerak kendu eta espetxeratutakoen zigorraldi topea 30 urtetik 40ra igo».
197/2006 doktrina
Taldeak dioenez, zigor kondena zaharraren arabera kondenatutako presoei, ezin zitzaizkien aldaketa hauek aplikatu eta «horretarako hain zuzen, 197/2006 doktrina kaleratu zuten». Sententzia honen arabera, zigorrak betetzeko eta erredentzioak zenbatzeko modu berri bat ezarri zuen espainiar Auzitegi Gorenak; Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, «kondena oso osorik bete ostean, kaleratzear ziren euskal preso politikoak espetxean mantentzeko».
Erredentzioak zenbatzeko modua aldatu
Elkarteak erantsi du, legeak eta aplikazioak aldatu egin direla, «Sententziaren aurretik erredentzioak 30 urteko zigor topetik kentzen ziren. Sententzia sortu ondoren, zigor bakoitzetik kenduko dira eta banaka beteko dira tope horretara heldu arte. Beraz, erredentzioen aplikazioak ez du inongo eraginik eta 30 urte espetxean bete arte ez dituzte kaleratuko». Amnistiaren Aldeko Mugimenduak herritarren konprome-zua eskatu du presoak jasaten ari diren errealitatea salatzeko.