Ezker Abertzaleak «bat egiten» du Urbinan AHTaren aurka izango den manifestaldiarekin, eta prentsa ohar baten bidez, bat egiteko dituzten arrazoiak adierazi dituzte

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 17a, 01:00

Urbinan aht-aren aurkako manifestaldia izango da gaur eguerdian, eta Hernaniko AHT-aren aurkako taldeak eta Gazte Asanbladak bat egingo dute manifestaldiarekin. Ezker Abertzaleak ere, prentsa ohar baten bidez, jakin arazi nahi dio Hernaniko herriari «bat egiten dutela deialdiarekin» eta bide batez adierazi «gaur Urbinan izango den manifestaldian parte hartzera deitzen» dituztela. Ezker Abertzaleak, prentsa oharraren bidez, bat egitearen arrazoiak ere aipatzen ditu. Bertan, AHTaren inguruan eztabaida prozesu bat hastea ezinbestekoa dela esaten du «AHTa erabaki ez demokratikoa da, Euskal Herrian egingo den azpiegitura proiektu haundiena. Honela, eztabaida prozesu bat abiaraztea ezin- bestekoa da, proiektuaren haunditasuna eta izango dituen eraginak ikusirik. Bitartean proiektu inposatu hau gelditzeko eskatzen dugu». Idatzian baita ere, AHT-a eraikitzeak ingurumenean izango dituen eraginak aipatzen ditu Ezker Abertzaleak «zementuaren aroan gaude eta obra honek ingurumenean izango dituen kalteekin kezkatuta, desoreka izugarria dela konbentzituta gaude». Ekonomikoki bizi diren garai zailak eta krisi ekonomikoa ere aipatzen du Ezker Abertzaleak arrazoi moduan «Diru publikoaren xahuketa neurrigabea suposatuko du, Etxebizitza Sailak 25 urterako duen diru kopuru bera. Garai ekonomiko zail hauetan dirua beste modu batean kudeatu beharko litzateke». Gainera, aipatzen dute AHT-a «elitearen kapritxoetara egokitutako trena» dela eta aldiz, «egin beharko litzatekeena trenbide sare konbentzionala hobetzea» dela, «herritarron eguneroko beharretara egokituz. Hau da, garapen jasangarriaren aldeko garraio publiko errealaren alde egitea». Azkenik adierazi dute «honen atzean EAJ eta PSOEren negozio zikina dagoela eta diruaren truke Euskal Herriak duen gatazka perpetuatzea besterik ez dakar».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!