MARIAN Beitialarrangoitia Alkateak agerpena egin zuen atzo prentsaurrean. Deialdia D3M plataforma egiten ari den sinadura bilketaren ingurukoa izan zen eta Alkateak bere sinadura gehitu zuen ordura arte bildu zirenen zerrendara, Ezker Abertzaleko beste hainbat alkatek egin duten bezala. «Firma biltzeko deialdiarekin bat egin dugu, alde batetik, Alderdien Legearen kontrako jarrera erakusteko, eta bestetik, Euskal Herriarentzako marko demokratiko bat eraikitzearen alde gaudelako, plataformaren izenak dioen bezala, gure herria osatzen duten 3 milioi herritarrek bere etorkizuna erabaki dezaten, bizi dugun gatazka gainditzeko. Hori da gure ipar orratza, indarkeria espresio guztiak gaindituko dituen eszenatoki demokratiko bat lortzea».
Azpeitiako zentsura mozioa
Marian Beitialarrangoitiak aipatu zuen milaka direla plataformaren alde biltzen ari diren sinadurak: «sinadura horiekin esan nahi zaigu Alderdien Legea atzean utzi behar dela, baina aldiz herritarrek esaten dutenari bizkar emanez, Azpeitian EAJ-PNV eta EAk beraien alderdien lege propioa aplikatu nahi dute, hori besterik ez da zentsura mozio hau».
Alkateak galdera bat luzatu zion EAri: «EAk dio ETA salatzen ez duen alkate bat ez dela zilegi, eta guk galdetzen diogu ia zilegi ote den, beraien esanetan karroñeria politikoa egiten dutenekin bat egitea gaur egungo alkatea bere postutik kentzeko».
Indar independentista
alde batera utzi
Indar independentistarekin bukatzeko ahaleginak ere salatu zituen Alkateak: «Madrilen martxan dago udalak, taldeak eta plataforma bera desegiteko estrategia; honen helburu bakarra indar independentistak instituzioetatik kanpo uztea da».
Bukatzeko, eta agerpenean izan ziren hedabideetako galderei erantzunez, Santa Barbaran izandako leherketari buruz hitz egin zuen.