makina bat hernaniar jeikita ibili zen atzo, goizaldeko 01:00a aldera, izan ere, sekulako danbatekoa entzun zen herri osoan. Informazio iturrien arabera, Santa Barbarako harrobiaren inguruan dagoen repetidoreari jarritako lehergailu batek egin zuen eztanda. Ertzaintzak itxita izan zituen bidea eta ingurua, eta atzo goizean zehar, beste bi lehergailu topatu zituen eta desaktibatu. Ertzaintzaren informazio iturrien arabera, azkeneko bi lehergailuak beraiei propio zuzendutako tranpak ziren.
«Ertzaintzari zuzenduak»
Atzo gaueko leherketaren ondoren, Ertzaintzak ingurua itxi zuen eta atzo egun osoan zehar halaxe izan zuten ingurua, miaketa lanak egiteko. Miatzen hasita, lehendabizi lehergailu bat topatu zuten motxila batean sartua. Antza, bonbatik hari fin bat ateratzen zen repetidoreko bidea zeharkatzen zuena. Ertzantzaren ustez, lehergailua tranpa zen lehenengo iristen ziren ertzainak harrapatzeko.
Ondoren, tankera bereko beste bat topatu zuten inguruan, motxila batean, eta belarretan barrena luzatutako hari batekin, hau ere, adierazitakoaren arabera, ertzaintzei zuzendua.
Arratsalde partean hirugarren lehergailu bat egon zitekeela zabaldu zen. Erredakzioa ixteko garaian Ertzaintzaren prentsa zerbitzutik jakinarazi zutenez, beste lehergailurik ez zuten topatu eta bukatutzat eman zuten miaketa.
Azken orduan jakinarazi zuenez lehenengo bi lehergailuak, lehertutakoa eta desaktibatutakoak 8na kilo amonitolez osatuak zeuden eta hirugarren lehergailuak berriz 10 kilo amonitol eta 2 kilo metraila zituen. Dirudienez, azkenekoak tenporizadore bat zuen, goizeko 03:30etan lehertzeko jarria. Ertzaintzaren arabera, helburua zen sarraski bat egitea.