Alokairuzko etxebizitzak sustatzeko hitzarmena sinatu zuten atzo

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 17a, 01:00

JAVIER Madrazo, Etxebizitza eta Gizarte gaietarako Sailburuak, eta Marian Beitialarrangoitia Alkateak hitzarmena sinatu zuten atzo, Txantxillako babes ofizialeko etxebizitzen eta Antziolako etxebizitza dotazionalen inguruan. Javier Madrazok azaldu zuen, alokairuzko etxebizitza sozialak sustatzea dela hitzarmen honen helburua, «jende guztiak ezin baitu babes ofizialeko etxebitza batengatik 120.000 euro ordaindu, eta are gutxiago krisi garaian». Marian Beitialarrangoitiak hitzarmenaren garrantzia azpimarratu zuen, herritar askok babes ofizialeko etxebizitzen beharra dutelako, alde batetik, eta bestetik, Txantxillan zegoen eraikitzeko asmoetan babes ofizialeko etxe kopurua haunditu egin delako.


Txantxillako etxeak
Txantxillako eremuan babes ofizialeko 56 etxebizitza egingo dira, Udalarena den eremuan (horiez gain, 33 etxebizitza egingo dira hitzartutako prezioan saltzeko eta prezio librean saltzeko beste 89 etxe egingo dira). Babes ofizialeko etxebizitzen erdiak alokairuzkoak izango dira: 28. Horrez gain, Udalak promotoreari alokairuzko 4 edo 5 etxebizitza erosteko erabiliko du, Txantxillako lurzoruarengatik eskuratuko dirua. Txantxillan salmentan jarriko diren babes ofizialeko etxebizitzak 2010ean zozketatuko direla aurreratu zuen atzo Javier Madrazok; eta alokairuan jarriko diren etxebitzen zozketa, obrak bukatzear daudenean egingo dela azaldu zuen, 2011ean ziur aski. Etxebizitza hauek Etxebiden izena emanda eta Hernanin erroldatuta dauden pertsonentzat izango dira. Txantxillan guztira 3.140.000 euroko inbertsioa egingo da.


Antziolako etxeak
Atzo sinatutako hitzarmenak Antziolan egingo diren 45 etxebizitza dotazionalei ere eragiten die. Udalak Eusko Jaurlaritzari lur zatia utziko dio alokairuzko 45 etxebizitza dotazional sustatu ditzan. Etxebizitza dotazionalak, ekipamenduetarako lur eremuetan egingo dira eta 40-60 m2 ingurukoak izango dira. Etxebizitza hauek aldi baterako alokatu ahal izango dira. Antziolako 45 etxebitza hauek 2010ean hasiko dira egiten eta lanek 30 hilabete iraungo dute. 3.600.000 euroko inbertsioa egingo da etxe hauetarako.


Alokairua sustatu
Javier Madrazok azaldu zuen, Eusko Jaurlaritzak alokairua sustatzeko laguntza batzuk onartu berri dituela, «laguntza hauen bidez promotoreei 27.000 euroko diru laguntza eman zaie sustatutako etxebizitza sozial bakoitzeko, eta 3.000 euroko laguntza, babes ofizialeko etxe bakoitzeko. Udalei 40.000 euroko laguntza emango zaie alokairuan jartzeko erosten duen etxebizitza bakoitzeko». Horrez gain, Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du promotoreei etxebizitza sozialak erosteko, alokairuzko parke publikoa osatzeko helburuarekin.


Azken urteetako ekimenak
Javier Madrazok azken urteetan Etxebizitza Sailak Hernanin burutu dituen ekimenak azaldu zituen. Antziola Berrin 48 etxe entregatu ziren eta Floridan beste 30. Sagastiyan babes ofizialeko beste 297 etxebizitza egingo dira eta Karabel-Portu eremuan, etorkizunean, babes ofizialeko 87 etxebizitza egiteko asmoa dagoela ere azaldu zuen. Bizigune programaren bidez, Hernanin hutsik zeuden 17 etxebitza merkaturatu direla ere aipatu zuen. Azkenik emandako diru laguntzak aipatu zituen: etxebizitzak erosteko 174.933 euro, etxebizitza eta edifizioak konpontzeko 699.042 euro, irisgarritasuna hobetzeko (espaloiak zabaldu, koskak kendu, espaloiak jaitsi...) lanetarako 103.459 euro, eta Kardaberaz eta Iturriaga kaleak urbanizatzeko 1.068.502 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!