Azken asteotan Abiadura Haundiko Trenaren gaia bili-bolo ibili da tertulia guztietan. Gainera, oraingo honetan, trenaren interesatuen propagandaz gain, AHTren aurkako herri mugimenduaren aurkako mezua erabili dute, hau presionatu eta kriminalizatzeko asmoz.
Salagarria da garraio honen bultzatzaile diren agintariek, herritarron kontsulta eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duten bitartean, inposaketa eta konfusioaren bidea hartu izana.
Gure aldetik argi dugu herritarrak informatzen eta sensibilizatzen jarraituko dugula, euren joku zikinean erori gabe. Hala ere, horrelako idatzi batean zaila da topikoetan erori gabe, guzti honen aurka ditugun arrazoiak azaltzea, baina xede horrekin sortu zen Hernaniko AHTren aurkako taldea. Eraikuntza erraldoi honen aurka gauden herritarron bilgune izatekoarekin.
Beraz, behin taldea aurkeztuta, herritar guztiak gonbidatu nahi zaituztegu aurrerantzean antolatuko diren ekimenetan parte hartzera.
Berandu gabe, larunbatean Urbinan manifestazio nazionala izango da; Atsegindegitik autobusa aterako da. Aukera polita beraz, AHTa, ez Hernanitik, ez beste inondik, ez dela pasako erakusteko!
Iraitz Santa Kruz Ugalde
Hernaniko AHTren aurkako taldearen izenean