saharako errefuxiatu kanpamenduei buruzko Sahara no se vende dokumentala emango dute gaur Hernanin. Dokumentala bi nafarrek egin dute eta bertan bizitako esperientzia baten haritik egindako erreportajea da; bertako politiko, jende, kooperante eta abarri egindako elkarrizketekin osatu dute lana. Emanaldia gaur izango da, arratsaldeko 19:00etan, Sandiusterrin.
Ikastaro bat ematera joanda ikasitakoa
Bi zuzendariak, Luis Arellano eta Joaquín Calderon, nafarrak biak, argazkilaritza tailer bat ematera joan ziren 2007ko udaberrian, Saharako errefuxiatu kanpamenduetan urtero egiten den Saharako Nazioarteko Zine Jaialdira, Aljeria hegoaldeko Dajla herrira.
Argazkilaritza tailerreko ikasleei, Errefuxiatua naiz gaia jarri zieten. Egileen esanetan, sekulako materiala bildu zuten; baina horrez gain, egunak aurrera egin ahala, konturatu ziren, bertako errealitatea oso gogorra dela, latza dela, eta laguntza humanitarioaz gain, beren arazoa eta egoera ezagutzera eman behar zutela, aurrera begira irtenbide bat lortzeko.
Beraz, kamara hartu eta galdezka-galdezka, kazetari, historialari, politiko, torturatu, exiliatu, herritar, Gobernu kide, kooperante eta abarrei luzatu zizkieten galdera mordoska. Tartean dira Frente Polisarioko ordezkariak, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko ordezkaria eta zenbait politiko eta aktore espainiar ere.
Erritmo biziko dokumentala zirkuitotik kanpo
Dokumentalak beraz, argazkilaritza tailerreko irudiak jasotzen ditu alde batetik; bertako bizimodua bestetik; saharar herriaren historiaren nondik norakoak bestetik; eta azkenik, gatazka eragin duten kontu politikoei heltzen die, elkarrizketen bidez.
Arian arian, 84 minutuko dokumentala egin dute egileek, eduki historiko, politiko eta kulturalez betea, musikari oso ezagunen kolaborazioekin goxatua.
Dokumentala zirkuito komertzialetik kanpo geratu da, autoreen ustez, «banatzaileek ez dutelako interes politikorik batetik, eta bestetik, gizarteak oso ondo neurtzen duelako ikusi nahi duen sufrimendua».
Egileek esandakoak
dokumentala
Genero dokumentala indarrean dago; hala ere, banatzaileek ez dute interes politikorik eta publikoak oso ondo neurtzen du zenbat sufrimendu ikusi.
saharauiak
Biktimak dira, zalantzarik gabe. Gu esperantza gara beraientzat eta justizia eta elkartasuna eskatzen dute.
laguntza
Gure elkartasuna haundia da; baina, gero eta gehiago, kreditu txartelarekin ematen dugu; kontzientzia lasaitzen digu baina ez du ezer aldatzen.
gobernuak
Espainiar, marokoar eta israeldar gobernuek ez dute etikarik. Gauzak bere horretan mantendu nahi dituzte, AEBek eta Frantziak hala nahi dutelako. Nazio Batuen Erakundeari kasurik egin ez, eta denek dituzte negozio oparoak Marokorekin; 500.000 sahararren etorkizuna bost axola zaie.
ESPAINIA
Espainiako Gobernuak Marokoko Gobernuari aurre egin, eta tomatea eta arraina erosteari utziko balio, produktu hauen prezioa erruz garestituko litzateke. Gobernuak galdu egingo lituzke hurrengo hauteskundeak, eta hori pentsa ezina da politikoentzat, beraien urrezko araua, kosta ala kosta boterean mantentzea baita.
GAZTAZKA
Gatazkak ez dira gizakien artekoak, ekonomikoak dira eta indar ekonomikoek beren indarra erabiliko dute hazten jarraitzeko.