olaizola II pelotariak irekiko du gaur aurtengo Astigarragako sagardo denboraldia; eguerdiko 13:45etan izango da, Petritegi sagardotegian, eta Gure sagardo berria esaldi famatua esanez egingo du. Lehenengo kupela irekitzearekin batera, irekiko da denboraldia. Ondoren, bapo bazkalduko dute.
Aurretik prentsaurrekoa
Sagardo Berriaren Eguna lehenago hasiko da Astigarragan. 12:00etan prentsaurrekoa izango da Sagardoetxean. Bertan, Bixente Arrizabalaga alkateak uzta berria aurkeztuko du eta sagardo berriaren ezaugarriak emango ditu, elaborazio prozesuaren inguruko informazioarekin batera.
Sagarrondoa landatuko du
Aurretik ordea, lanean jarriko dute eguneko protagonista, Aimar Olaizola, gosea egiteko akaso; izan ere, 13:00etan, Sagardo Berriaren Eguneko protagonistak sagarrondo bat landatuko du, Sagardo Museoaren sagastian. Ekitaldi sinboliko hau 2006az geroztik egiten da eta naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena adierazi nahi ditu.
Barrikoteak tabernetan
Astigarragako tabernetan ere izango da gaurko egunarekin uzta berriko sagardoa probatzeko aukera, izan ere, barrikoteak jarriko dituzte egun osoan zehar, bezeroek sagardo berria probatzeko.
Bertatik bertara
Aurtengo gonbidatua, Aimar Olaizola pelotaria aukeratzeko ez dira urruti joan Astigarragakoak; oraintxe pelota munduan dagoen pelotaririk onenetakoa, onena ez bada, topatzeko, Urumean gora jo besterik ez dute egin behar izan Astigarragakoek. Joan den urtean Andoni Luis Aduriz sukaldariak inauguratu zuen denboraldia, eta aurrekoan, 2007an, Juan Martinez de Irujo pelotariak. Horiez gain, Jose Luis Korta, Ainhoa Arteta, Periko, Mikel eta Xabi Alonso, Abraham Olano eta beste pertsona ospetsu asko izan dira Astigarragako mama goxua dastatzen.
Hernaniko txotx denboraldia
Hernaniko txotx denboraldia datorren astean hasiko da ofizialki; datorren igandean, hilak 25, hain zuzen, inauguratuko da denboraldia. Igande horretan, pertsona ezagun bat etorriko da kupela irekitzera plazara. Antolatzaileek ez dute esan oraindik nor izango den protagonista, baina laister adieraziko dute, egun horretako eta denboraldiko egitarauarekin batera.
12:00etan, prentsaurrekoa Sagardoetxean. 2008ko uztaren eta sagarra eta sagardoaren ezaugarriak azalduko ditu Bixente Arrizabalaga alkateak.
13:00etan, 2009ko Sagardo Berriaren Eguneko protagonistak, Aimar Olaizolak, sagarrondoa landatuko du. Sagardo Museoko sagastian.
13:45etan, Lehen kupela irekiko da, Aimar Olaizolak Gure Sagardo Berria esatearekin batera. Petritegi sagardotegian. Bertan bazkalduko dute.
Egun guztian, Astigarragako tabernetan barrikoteak izango dira.