Hernaniko ibilbide sarea osatu eta zabalduko dute, herriko kultur eta natur ondarea ezagutarazteko

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 14a, 01:00

HERNANIN zer ezagutua badago, monumentu megalitikoak, basoak, garai bateko historia eta bizimodua gogora ekartzen duten aztarnak... Hori guztia ezagutarazteko asmoz, Udalak eta Mendiriz Mendik Hernaniko ibilbide sarea osatu eta zabalduko dute; horrela azaldu zuten astelehen iluntzean emandako prentsaurrekoan. Igande honetan bertan haurrekin irteera egingo dute ibilbide sarea ezagutzeko.

Ibilbide gehiago markatu eta homologatuko dira
Egitasmoaren helburua da Hernaniko ibilbide sarea osatzea. Horretarako 2009an zehar ibilbide berriak markatuko dira eta horietako batzuk homologatu. Bide horietako batzuk markatuta daude dagoeneko, ondoko taulan ikusi daitekeen bezala. Udalaren asmoa da ibilbide guzti hauekin liburuxka osatu eta aurten argitaratzea.

Irteerak igandean eta otsailaren 8an
Ibilbideak ezagutzeko asmoarekin, Mendiriz Mendik urtean bi ibilaldi egingo ditu. Aurrenekoa haurrekin egingo du, igandean. Honakoa izango da ibilbidea: Ereñotzu, Larregain, Akola, Larregain, Fagollaga eta Ereñotzu. Ibilbide hau Larregain-Akola eta Ereñotzu izenekoak bat eginda osatu da. Goizeko 08:30etan aterako dira Atsegindegitik. Izena emateko Mendiriz Mendiko bulegora joan behar da (Iturregi plaza) ostegun edo ostiralean, 20:00etatik 21:00etara. Ibilbidean zehar trikuharriak, bailara ezberdinetako parajeak, Urumea ibaia, Fagollagako zubia eta herriko beste hainbat altxor ezagutuko dituzte. Otsailaren 8an, Oberan izeneko ibilbidea egingo dute helduekin: Ugaldetxo, Argorri, Saratze, Untzegi, Lizarregiko lepoa, Aparrain eta berriz ere Ugaldetxora joango dira.

Natur eta kultur ondarea
Prentsaurrekoan azaldu zutenez, Hernaniko ibilbide sarea osatzeko beharra, 2007an, Aranzadi elkarteak egindako azterketan somatu zuten. Azterketa hori Hernaniko Iñaki Sanz Azkue biologoak, Ibai Olariagak eta EHUko doktorea den Joxerra Diezek osatu zuten. Herriko baso eta erreken inguruko diagnosi zabala egin zuten azterketan, eta besteak beste, honako ondorioak atera zituzten: alde batetik, hernaniarrek ez dutela Hernani ezagutzen, Kaxko, auzo eta industriguneez aparte Hernaniri dagokion azalera haundi bat dago ezaguna ez dena; beste alde batetik, ingurune eta naturaren inguruko heziketa bultzatu beharra dagoela ondorioztatu zuten, inguruan ditugun altxor naturalak baloratzeko. Ondorio hauek mahai gainean, Udalak Hernaniko ibilbideen sarea osatzeko eskatu zien Aranzadiko kideei, aurretik aipatutako bi behar horiei erantzuteko. Ibilbide sarea osatuta, herritarrei aukera eman nahi zaie, herrian bertan ere, mendizaletasuna asetzeko. Horrekin batera, turismoa ere bultzatu nahi da. Prentsaurrekoan azpimarratu zuten, ibilbide hauek Hernani aldez-alde hartzen dutela, eta denak ere, kultur eta natura ondare garrantzitsuak dauden guneetatik pasatzen direla: Urumea ibaia eta ibaiari lotutako industria aztarnak, Aiako Harria Parke Naturala, eraikin megalitikoak, Santa Barbarako gotorlekua eta abar.

IBILBIDEAK
HERRI IBILBIDEAK (SR):
-Santa Barbara. 7,6 kilometro. 2 ordu eta 15 minutu. Aurten markatzeko asmoa dute.
-Sagardotegiak. 9,5 kilometro. 2 ordu eta 30 minutu. Aurten markatzeko asmoa dute.
-Hernani-Fagollaga. 3,7 kilometro. Ordu bat eta 15 minutu. Markatuta dago.
-Ereñotzu. 4,1 kilometro. Ordu bat eta 30 minutu. Markatuta dago.
-Larregain-Akolatxara-Larregain. 3,8 km. Ordu bat eta 15 minutu. Aurten markatu eta homologatu nahi dute.
-Latxe-Akola-Latxe. 5,6 km. Ordu bat eta 30 minutu. Ez dago markatuta.
-Aparrain. 3,6 km. Ordu bat eta 15 minutu. Aiako Harria Parke Naturalaren barruan, ez dago markatuta.
-Oindiri bira. 8,5 km. 2 ordu eta 45 minutu. Aurten markatu eta homologatu nahi dute.
-Epele. 8,8 km. 2 ordu eta 15 minutu. Aiako Harria Parke Naturalaren barruan, markatua dago.
IBILBIDE MOTXAK (PR):
-Usokori bira. 11,8 km. 4 ordu eta 30 minutu. Aiako Harria Parke Naturalaren barruan dago, ez dago markatua.
-Oberan. 10.9 km. 3 ordu eta 30 minutu. Aiako Harria Parke Naturalaren barruan, markatuta.
-Urruzuno. 8,6 km. 3 ordu eta 15 minutu. Aurten homologatu eta markatu nahi dute.
IBILBIDE LUZEAK (GR):
-Hernani mugaz muga. Zehazteko dago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!