TXANOBARRAGORRO antzezlana datorren asteartean estreinatuko da, Biteri kultur etxean. Antzezlana Azeri taldeak sortu eta bultzatu du eta bertan herriko jende ugari ikusi ahal izango da. Printzipioz lau emanaldi izango dira, hilaren 20, 21, 22 eta 23an. Arratsaldeko 20:00etan denak, Biterin. Antzerkia ikusteko sarrerak salgai jarri dituzte, Haizea eta Aurki dendetan, eta Oindi eta Aralar tabernetan, 4 euroren truke.
Makroprozesuen
inguruko satira
Txanobarragorro makroprozesuetan oinarritutako satira bat da, joan den asteko prentsaurrekoan Azeri taldeko kideek azaldu zutenez, «azkenaldian egunerokoak izaten ari diren makroprozesu judizialetan dago oinarrituta». Antzerkian aktore nagusia Ander Lipus izango da eta izaera ezberdinak dituzten hiru epailerena egingo du, hiru kareta erabilita. Haren inguruan hainbat panpin izango dira, eta herritar ezberdinek jarriko diete ahotsa panpin hauei. Horrez gain, zuzeneko agerpenak eta pantailan jarriko diren eszenak tartekatuko dira, eta disziplina ezberdinak (musika, antzerkia eta abar) batera ikusteko aukera izango da.