hernaniko atletak ezin hobeto ari dira neguko proba ezberdinetan. Gipuzkoako Txapelketan domina sorta eskuratu ondoren, asteburuan urrezko bost domina lortu dituzte kadete, jubenil, eta junior mailako Euskadiko Pista Estaliko Txapelketan.
Junior mailan hiru
urrezko domina
Junior mailan, Eider Aldabek 800 metrotan lortu zuen urrezko domina. Denboraldi honetako aurreneko proba izan da Aldaberentzat. Azaroan Irungo Krossa irabazi zuenetik, lesio ezberdinak medio, ezin izan du txapelketetan parte hartu. Hala ere, pozik dago lortutako emaitzarekin, bere markatik nahiko urruti ibili arren, bere helburuak bete baititu: berriro ere pistara moldatzea eta urrezko domina lortzea.
Junior mailan baita ere, Maitane Iruretagoienak urrezko domina lortu zuen 60 metrotan. Horrez gain, bere marka ehunen bat hobetzea lortu zuen (7.81). Hilaren 17 eta 18an Gipuzkoako absoluto mailako txapelketan izango da 60 m. eta 200 m.-tan.
Lide Redondok, junior mailan baita ere, hiru probatan hartu zuen parte: salto hirukoitzean urrezko domina lortu zuen; luzera jauzian zilarra; eta laugarren postua 60 metrotan.
Junior mailan, Joxeba Lizeaga hiru probatan aritu zen: 60 metro hesietan eta pisu jaurtiketan bere aurtengo marka hobetzea lortu zuen, eta bietan ere bosgarren postua lortu zuen. 60 metrotan ere aritu zen.
Enara Agirrezabalak
urrezko bi domina
Jubeniletan, Enara Agirrezabalak hiru probetan hartu zuen parte, eta hiruretan, bere marka pertsonala lortu zuen. Horrez gain, urrezko bi domina lortu zituen luzera jauzian eta salto hirukoitzean. 60 metrotako lasterketan 5garren izan zen, bere seriean. Bestalde, salto hirukoitzean Espainiako Txapelketan parte hartzeko minima eskuratu zuen.
Kadeteetan, brontzezko hiru domina
Kadete mailan, Hernaniko hiru atletek hartu zuten parte: Jon Patxek luzera jauzian brontzea eskuratu zuen eta bere marka pertsonala hobetzeko 2 zentrimetro besterik ez zituen falta izan. Juan Ormaetxea 8garrena izen zen, 60 metrotan, eta 300 metrotan brontzezko domina lortu zuen. Azkenik, Imanol Lionek brontzea lortu zuen 60 metrotan eta bere marka ehunen bat hobetu zuen (7.69).