LUIX ERRAZKIN- Garai bateko txirrindularien marrazki erakusketa. «Niretzat erretratu batean garrantzitsuena begiratua da»

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 11a, 01:00

Bihar hasiko den erakusketa nolakoa izango da?
Erakusketan jarriko ditudan lan gehienak marrazkiak izango dira, zeren ondoena hor moldatzen naiz, gehiena gustatzen zaitena ere hori da. Edozein irudi hartzen dut eta dena marrazten dut. Marrazkia gehiena, ofizioz ere hala izan dudalako. Bizi osoan inprentan aritu gara eta, adibidez, gaur egun izugarrizko argazki datu bankuak daude, baina garai batean ez. Lehenago etortzen zen, esate baterako, elektrodomestiko denda batekoa eta bere makina baten marrazkia egin beharra zenuen, hortik katalogoa ateratzeko, eta abar.

Noiz hasi zinen marrazten?
Ni txiki txikia nintzela, 5 urte edo izango nituen, igandetan ama eta aitaren baserrietara joaten ginen, txandatuz, eta han ikusten nituen koadroak. Elorrabin adibidez ikusten nituen paretak koadroz josiak. Denak erlijiosoak izaten ziren. Konparazio batera, infernuko sua; eta ume txiki batentzat izugarrizko inpresioa egiten zuen hark. Beste koadro batean, Jesukristoren aurpegi bat odolduta egongo zen. Añarregira joaten ginenean, han ere berdin. Txikitako esperientzia horrek, bizi osorako, grafikoei atentzioa jartzea sortu zidan. Ondoren, handik pixka batera Arriatsura joan ginen; hura izan zen gure unibertsitatea. Maistra gendun Dionisi. Guk ez genuen ideiarik ere erdaraz, eta erakusten ziguten guztia loritoak bezela esaten aritzen ginen. Han, guri dibujoko oinarriak erakusten hasi ziren, eta kaja txiki batzuetan akuarelak eta horrelakoak edukitzen zituzten. Gero jartzen gintuzten gu pintzelarekin koloreak nahasten, eta ederki! Orduko usainak oraindik gogoan dauzkat! Eta hantxe hasi ginen pintatzen. Hasierak horiek izandu ziren. Eta hori bai, beti erne egoten nintzen, grafikoei adi. Gu Lizarraberrin bizi ginen, Ibarluzetik 50 metrotara, eta ama Elorrabikoa izanda, han denbora asko pasatzen genuen. Bertako osaba batek Eziagoko papeleran egiten zuenez lana, rebista pila ekartzen zituen Elorrabira, adibidez: Blanco y Negro, Mundo, eta klase askotakoak. Rebista haietan marrazki klase asko, erretratuak… ikusten zenituen. Eta gero ailegatu zen tebeoen garaia. Tebeo haiek Gerrero del antifaz, Roberto, Alcázar y Pedrín, eta Rayo Kid, oesteko bakeradak eta horrelako modukoak ziren denak. Haiek ikusi eta ikusi, azkenerako memoriaz nekizkien denak. Gero, Elorrabitik Lizarraberrirako bidean, klariona hartzen nuen eta kamioa marrazten nuen, aurretik irakurritako pistoleroekin, indioekin… horrela denbora askoan ibili nintzen. Jakina, orduan kamioan ez zegoen arriskurik. Modu honetan 12-13 urte arte ibili nintzen.

Bizikletan ere ibilia zara, ezta?
Bai, lehengusuak ibiltzen zirenez, arrimuan gu ere hasi egin ginen. Aurrena karrera batzuk korritzen, eta geroago federatuta. 16 urterekin hasi eta 21 arte aritu nintzen. Azkenean, txirrindularitza utzi, eta lanean hasi nintzen, inprenta munduan. Hortik aparte, Elkarreko ilustratzaile bezala ere lanak egin izan ditut, ipuin desberdinetarako. Eta orain, lanak bukatuta, denbora gehien daukatenean, marrazketarekin segitzea okurritu zait, eta hemen nabil.

Zenbat denbora behar dezu lan bakoitzerako?
Hori lan bakoitzaren araberakoa da. Adibidez, plumilla teknikaz egindako marrazkiak izugarrizko denbora eskatzen dute. Hernaniko Udalaren erreprodukzio batekin adibidez, igual 70 ordu pasa ditut. Akuarelek, berriz, ez dute zer ikusirik eta horiek, normalean egun batean egiten dira. Beste tratamendu bat dute eta askoz askeagoak dira.

Erakusketan zein lan mota aurkituko dugu?
Azken bi urtetako lanak jarriko ditut, eta denera, gutxi gora-behera 70 lanetik gora izango dira. 29 lan plumillazkoak, beste 23-24 akuarela, eta azkenik, erretratuen lan batzuk egongo dira. Erretratuen artean nere bilobak daude, bertsolariak edota Xanti Prailia. Erretratuetarako nere lan egiteko modua honako hau da: argazkia ateratzen diet eta hortik aurrera, neronek lantzen dut irudia. Lehenago, gaztetan, akuarela bat pintatzera, igual Arano aldera joaten nintzen, eta han hasi eta apunte batzuk hartuta, gero etxean bukatzen nuen. Baina argazki makina digitala azaldu zenean, asko aldatu zen gauza. Kolore aldetik, esate baterako, informazio asko ematen du argazkiak. Eta aurreko artistek kamera digitala ezagutu izan balute, seguru nago erabiliko zuketela. Pintura, bere zentzu zabalean oso zaila da ulertzen. Nik, adibidez, baditut abstraktuak diren lan batzuk, eta horiei izen bat jartzekotan informalismoa izango litzake, alegia, koadroan ez duzula formarik ezagutu behar. Oleo batzuk ere baditut, eta baita collage antzekoak ere, harriekin eta abarrekin eginak. Baina pinturaren mundua ondo ulertzeko oso prestatuta egon behar da, zeren egia esan, oso askea da; bakoitzak sinisten duena edo komeni zaiona egiten du.

Zein da marrazki baten prozesua?
Aurrena argazkia atera eta gero paperera pasatzen det, betiko teknikarekin, koadrikulatuaren teknikarekin. Beraz, gero osotasunean zailagoa dirudien arren, zatika egiten denez, ez da horren zaila. Niretzat erretratu batean garrantzitsuena begiratua da. Han pasatzen dut denbora gehiena. Begiei eta ahoari antza ematen badiozu, bide onetik joango zara. Honez gain, denbora behar izaten da, eta baita gogoa ere, noski. Erretratuak askeagoak egin ohi ditut karbonzilloarekin, baina plumillaz egindako lanetan gehiago bete behar da.

Nonbait ikasi al duzu marrazten?
Ez, ni autodidakta naiz, nik nire kasa ikasi det. Pentsatzen det sena beti eduki dudala, baina neri izugarrizko inbidia ematen didana hori da, gaur egungo gazteek duten ikasteko aukera. Nere garaian izan bazen eskola… Nik faltan hori botatzen det, teknika. Orain nahiko teknika badaukat, baina bizi osoa pasa eta gero. Baina izan bazen ikasketak egiteko aukera, asko aurreratuko nuen. Oraingo grafitero asko adibidez, oso onak dira. Badira marrazki eta kolore aldetik oso mural dotoreak egiten dituztenak. Gaurko egunean grafiteroak badauka garrantzia, eta arte munduan ere hasi dira mugitzen.

Sei urte lehian
•1957: (16 urte Prinzipiantea.
•1958: (17 urte) Afizionatua: -Ordizian V. Navarro Fondo 1.go -Prueba Michelin Lasarte 1.go -Bidasoako itzulia. Irun 2.go
•1959: (18 urte) Afizionatua: -Kabi-Alai itzulia 1.go -Jaizkibelgo igoera 1.go

•1960: (19 urte) Afizionatua: -Premio Pulpo, Zumaian 1.go
•1961: (20 urte) Afizionatua: -Bidasoako itzulia. Irun 1.go
•1962: (21 urte) Afizionatua: -Espainiako txapelketa. Reus: 2. postua -Erlojuaren aurka Gipuzkoako Txapelketan 2.go

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!