Urriza eta San Miguelek erremonteak baduela etorkizuna erakutsi zuten atzo Galarretan jokatutako finalean. Partidua oso berdindua izan zen hasieratik, nahiz eta pronostiko guztiek zioten, Ezkurrak eta Gazteluk erraz irabaziko zutela. Urriza fisikoki eta psikologikoki fuerte ageri zen frontoian, erremonteko izarrari, Ezkurrari, aurre egiteko prest. Ezkurrak berriz, duen ahalmen guztia erakutsi zuen, momentu askotan atzelari lanak ere egiten. Bi atzelariak berriz beraien lana ondo betetzen saiatu ziren, nahiz eta zenbait tantutan finaleko nerbioak agerian geratu ziren. Gazteluk ondo eutsi zion partiduari, pelota oso zailak bildu zituen, eta partiduko momentu zail eta garrantzitsuenetan Ezkurra beteranoaren languntza izan zuen. San Miguelek gora behera gehiago izan zituen. Momentuoro Ezkurra pasatzea zuen helburu, eta pelota asko goiko zein beheko txapara joan zitzaizkion. Hala ere, Urrizaren laguntza izan zuen tantu askotan.
Bukaera finala bezain haundia
Partidu osoan berdinduta joan ondoren, amaieran faboritoek hartu zuten aldea, 37-32 jarriz. Hala ere, bikote gazteak ez zuen partidua galdutzat jo eta 38-38 berdintzea lortu zuten. Bi tantu falta zirela, Ezkurrak txapa azpira botatako pelota batek 38-39 , eta San Miguelek sakez egindako tantuak 38-40 garaipena eman zien gazteei.