Odol estrakzioak igo egin dira joan den urtean Hernanin eta baita Gipuzkoan ere. Hernanin 807 estrakzio egin dira pasa den urtean eta Gipuzkoan 32.700. Hala adierazten du Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartetik bidalitako taulak. Pozik egoteko arrazoiak beraz, badaude; baina argi utzi dute inoiz ez dela nahikoa eta gehiago behar dela.
2007an baino 83 estrakzio gehiago izan dira 2008an
2007an 724 odol estrakzio egin ziren Hernanin; 2008an berriz 807; beraz, aurreko urtean baino 83 estrazio gehiago. Odol emaileen elkartearen esanetan, «pozik egoteko moduko datua da. Kontuan hartu behar da maiatzean eta ekai-nean kanpaina berezia egin zela, eta hor jende mordoskak eman zuela odola; horrek era berean urte osoko balantzea hobetu du kopurutan». Horrelako deialdi berezietan jende berria hurbiltzen da edo aspaldiko odol emaileak hurbiltzen dira berriz. Hernanin, gorakada ekainean sumatu zen, maiatzeko 67 estrakziotik 87ra igo baitzen; gero berriz jaitsi egin zen uztailean, 60ra. Odol emaile berrien kantitatea ere dexente igo zen ekainean; maiatzean 3 izan ziren, eta ekainean 10 odol emaile berri izan ziren.
Gorputz atalak ematea kosta
Hernanin 16 lagunek egin dituzte paperak gorputz atalak emateko, biharko egunean zerbait gertatuz gero. Asko izanda ere, inoiz ez da nahikoa izaten, askotan behartu arte ez baita jakiten balioko duen edo inorentzat baliagarriak izango diren emailearen gorputz atalak.
Organo emaile izateko
Biharko egunean gorputz atalak emateko, orain fitxa bat bete besterik ez da egin behar. Ez da inolako frogarik pasa behar; biharko egunean, prezisoa bada, orduan egingo baitira. Gorputz atalak emateko betetzen den paperak emailearen borondatea adierazten du. Hartara, biharko egunean hilez gero, pertsona horren ingurukoek, errezagoa izango dute erabakia hartzea.
Lehenengo asteartean beti
Odol estrakzioa hileko lehenengo asteartean izaten da beti, anbulatorioan, arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara. Salbuespen bakarra urtarrila izan da, izan ere, lehenengo asteartea jai eguna tokatu zen. Horregatik, datorren astearte honetan egingo dute, hilak 13, esandako ordu eta lekuan.