HILABETEAK lanean eman ondoren, urtarrilaren 20an estreinatuko da Txanobarragorro antzezlana; horrela jakinarazi zuten atzo eman zuten prentsaurrekoan. Bertan izan ziren antzezlanean parte hartu duten hainbat lagun: Ibon Arregi, antzerkia osatu duen Azeri taldeko kidea; Ander Lipus aktore nagusia; Joxan Goikoetxea musikaria; eta Rosa Lujanbio bikoizketa lanetan ariko dena. Guztira lau emanaldi aurreikusi dituzte, urtarrilaren 20, 21 , 22 eta 23rako. Arratsaldeko 20:00etan izango dira laurak. Sarrerak astelehenetik aurrera jarriko dituzte salgai, Aralar eta Oindi tabernetan eta Aurki eta Haizea dendetan, 4 euroren truke.
Makroprozesuetan oinarritua
Txanobarragorro antzezlanaren promotorea Azeri taldea izan da. Taldeak osatzen duen bigarren antzezlana da hau, aurretik Kastillako Dorreak antzezlana osatu baitzuten. Oraingo hau epaiketa eta makroprozesuetan oinarritutako antzezlana da: «ez dago makroprozesu jakin baten kronika, baina prozesu horietan dago oinarrituta. Terrorismo kontzeptuaren abusuaren kritika bat da» azaldu zuen atzo prentsaurrean Ibon Arregik.
Pantaila eta eszenatokia
Antzerkian pantaila bat izango da, eta taula gaineko eszenak eta pantailako irudiak tartekatuko dira. Ibon Arregik zehaztu zuenez, «antzerkia 19 aktotan zatituta dago, eta horietatik 10 eszenatokian egingo dira, eta beste 9ak, pantailan».
Taula gainean, Ander Lipus izango da aktore nagusia eta hiru pertsonaje antzeztuko ditu. Taula gainean ikusi ahal izango dira baita ere Pedro Ormazabalek egindako panpinak, soka eta polea bidez mugimenduan jarriko direnak. Txaro Unzilla dantzariak ere hiru agerpen egingo ditu eszenatokian.
Pantailako irudiak Joxan Ruizek osatu ditu, errealizadore eta kamara lanetan. Musikaz Joxan Goikoetxea arduratu da.
Herri antzerkia
Ander Lipusek ere hartu zuen hitza atzoko prentsaurrekoan. Bigarren aldia da Ander Lipusek Azeri taldeak egindako antzezlan batean parte hartzen duena. Oraingo honetan hiru pertsonaje antzeztuko ditu, hiru epaile, kareta ezberdinen bidez. Azaldu zuenez, epaile bakoitzak izaera ezberdina du: «epaile bat fanatikoa da, bestea on itxurako agurea da, eta bestea normal antzekoa». Horrez gain, Lipusek aipatu zuen lehenengo aldia dela karetekin lan egiten duena eta berarentzat erronka artistikoa izan dela azpimarratu zuen. Bestalde, azaldu zuen gustora ibili dela Azeri taldeak osatutako bi antzerki hauetan; esan zuenez, formatu honetako antzezlanetan eroso sentitzen da: «herri antzerkia eta amateur mailako antzerkia gauza bizia da, errealitatetik gertu daude eta errealitateari buruz hitz egiten dute. Iparraldeko Toberen kutsua hartzen diot antzezlan honi, pentsamendu kritikoa lantzen du eta herritik gertu dago. Maila profesionalean zaila da horrelako gauzak ikustea».
Rosa Lujanbiok antzerkian parte hartu duten herritarren izenean hitz egin zuen. Entsaioetan giro alaia izan dela aipatu zuen eta jendea lanerako prest izan dela. Maila pertsonalean, azpimarratu zuen, antzerkiko hainbat eszenak hunkitu egin dutela: «kartzelako bizimodua ikusten da eszena batzuetan, eta kontuan hartuta nere anaiak 24 urte daramazkiela preso, bihotza hunkitu egin zait eszena horiekin».
Bukatzeko Joxan Goikoetxeak aipatu zuen satira bidez askotan hitzekin esan ezin dena adierazi daitekeela: «momentu konkretoetan, gizakiak basakeria eta irrazionalitatea menperatu ezin duenean, gure herri txiki honetan gertatzen den bezala, hitzak balio ez duenean, gauza hauetara, satirara, jo behar izaten da».
Txanobarragorro antzezlana
SINOPSIA:
Gualdilandia Estatua. Orotariko Auzitegian lau zuruteko epaitzen ari dira, koloretsuegiak izatea leporatuta. Batek txano berde bat darama, beste batek laranja, hirugarren batek txano urdina eta neska batek, beltza. Liburukote Nagusiaren arabera, inor ezin da beltzez jantzi, eta horregatik auzipetu dituzte. Koloretako txanoak daramatzatenek zera diote, euren txanoak ez direla beltzak. Hala ere, epaileak dio Gualdilandian, gualda ez beste kolore guztiak beltzak direla.
PARTE HARTZAILEAK:
AKTOREAK: Ander Lipus (epailea), Bea Larrañaga (bertako presoa), Eñaut Agirre (bertsolaria), Ugaitz Errazkin (akusatu laranja), Edu Karrera (akusatu urdina), Inhar Olano (akusatu berdea), Garazi Etxarri (korrespontsal berezia), Maribel Beleño (preso kolonbiarra), Angela Silva Dos Santos (preso brasildarra), Yayma Morales (preso kubatarra).
DANTZA: Txaro Unzilla.
BIKOIZKETA: Rosa Lujanbio (fiskala), Xabier Odriozola (fiskala), Bea Larrañaga (akusatu beltza), Ugaitz Errazkin (akusatu laranja), Edu Karrera (akusatu urdina), Inhar Olano (akusatu berdea). GIROTZEKO MUSIKA: Joxan Goikoetxea.
MEGAFONIA: Joxemartin Zabala (NODO ahotsa); gizonezkoen ahotsak, Kantuz Abesbatza.
ORKESTINA: Endi Zubeldia, Tate Berastegi. IRRINTZILARIA: Juani Tejedor.
PRODUKZIO TALDEA: Ibon Arregi (audiobisualak), Arantza Ibarzabal (jantziak), Pedromari Ormazabal (tramoia eta panpinak), Iñaki Usandizaga (laguntzailea), Rafa Lizeaga (mozorro-jantziak), Javier Zubimendi (gidoia), Josetxo Zubimendi (atrezzoa), Pello Goello (eszenografia), Idoia Noble (itzulpena).
BIDEO EGILEAK: Joxemari Salinas, Joxan Ruiz, Irene eta Jon. ARGI TEKNIKARIA: Xabier Larbide.
SOINU TEKNIKARIA: Juanbau Larburu.
PROMOZIO TALDEA: Arantxa Ibarzabal (argazkiak), Aiheko Zubimendi (kartela, triptikoa, argazkiak), Alai Zubimendi (pegatina), Andoni Aizpeolea.