Eroskiko aparkalekua itxita egongo da bihar, argi sistema moldatzeko

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 10a, 01:00

udalak, aparkatzeko beharrei aurre egite aldera, hitzarmena egin du duela gutxi Eroskirekin, Agustinetako supermerkatu azpiko aparkalekua irekita uzteko igande eta jaiegunetan. Dagoeneko hasiak dira zerbitzu hori eskaintzen. Hala ere, arrazoi teknikoak direla eta, bihar itxita egongo da aparkalekua.


Ilun geratzen da aparkalekua
Kontua da aparkalekuko argiak pizteko arazoren bat dagoela, supermerkatua itxita egonez gero, eta aparkalekua ilun samar geratzen da argirik gabe. Horregatik, argi sistema moldatzeko lantxo batzuk egingo dituzte, eta lanak egin bitartean, aparkalekua itxita egongo da.


Arriskua saiheste aldera
Udalari ez zaio egokia iruditzen lurpean dagoen aparkaleku bat ilunpetan uztea edo argirik gabe irekitzea, arriskutsua izan baitaiteke; horregatik, argia jarri arte ez da zerbitzua eskainiko.


Datorren astean konponduta
Udal teknikarien arabera, datorren astean moldatuko dute argi sistema, beraz, datorren igandean, hilak 18, aparkalekua irekitzeko moduan egongo da. Hala ere, lanak egitean, Udalak jakinaraziko du, jendeak ziur jakiteko.


09:00etatik 23:00etara
Beraz, aparkalekua irekia egongo da, igande eta jaiegunetan, goizeko 09:00etatik gaueko 23:00etara. Ordu horietatik kanpo ezingo da kotxerik utzi, eta baten bat geratzen bada, zepoa eta isuna jarriko dizkiote udaltzainek. Helburua da, egun horietatik kanpo, supermerkatuak bere erabilerarako erabat libre izatea aparkalekua.


Guztira 55 leku gehiago
Eroskirekin egindako hitzarmenaren bidez, guztira 55 leku gehiago izango dira aparkatzeko herrian, igande eta jaiegunetan. Udalak antzeko hitzarmenak egiteko asmoa du beste kasu batzuetan ere, aparkaleku pribatuei erabilera publikoa eman ahal izateko eta aparkatzeko arazoei aurre egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!