Mozorro festa izango da Inauterietan, gazteak sortzaile izatera bultzatzeko

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 9a, 01:00

INAUTERIAK girotzeko asmotan, mozorro festa antolatzen ari dira herriko gazteak. Otsailaren 21ean izango da, Tilosetan (euria egingo balu, Atsegindegin), arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara. Helburua izango da, gazteek musikaren inguruko saio bat prestatzea, izan ere, antolatzaileen esanetan, «normalean, gazteak ikusle eta entzule soilak izaten dira, eta ekimen honekin gazteak sortzaile izatea bilatzen da».

Festaren ezaugarriak
Mozorro festan, gazteek, musikaren inguruan dantzatu, abestu eta antzeztu ahal izango dute; bakarka edo taldeka egiteko aukera izango dute, eta Hernaniko zein inguruko herrietako gazte guztiek parte hartu ahal izango dute.

Ekitaldiaren gora beherak
Ekitaldian taldeak edo bakarkakoak banaka aterako dira eszenatokira. Gainontzeko taldeak, bitartean, eszenatoki atzean egongo dira zain. Parte hartzearen ordena zozketa bidez erabakiko da. Ekitaldiko aurkezleak berriz, parte hartzen duten guztien artean aukeratuko dituzte. Hauen lana izango da, ekitaldia eta gainontzeko taldeak aurkeztea.

Kantuen aurkezpena
Kantuak KD formatuan aurkeztu beharko dira. Hala ere, norbaitek zuzenean kantatu nahiko balu, mikrofonoak ere izango dira. Kantuek gehienez 10 minutuko iraupena izan beharko dute.

Sariak Mozorro
festan ez da ez irabazlerik ez galtzailerik izango. Ekitaldian parte hartzen duten talde guztiek sari bana prestatu beharko dute. Hortaz, ekitaldia amaitzean, gainontzeko taldeen artean banatuko dituzte.

Ekitaldi aurreko entsaioak
Mozorro festa aurretik lau entsaio izango dira: urtarrilak 28, otsailak 4, otsailak 11 eta otsailak 18an; arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara Biterin. Bertan, talde bakoitzak bere musikarekin saioa prestatzeko aukera izango du, monitore baten laguntzaz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!