IBON ARREGI - Azeri taldeko ordezkaria. «Uztailean gidoia idatzita zegoen eta orduz gero karrera bat bezala izan da, urtarrilean estreinatzea baitzen helburua»

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 10a, 01:00

Zein izan da antzezlan honetarako egin duzun lana?
Azeri Taldea izan da antzerkia osatu duena. Bost pertsona gara: Jabier Zubimendi, Arantxa Ibarzabal, Joxetxo Zubimendi eta Pedro Ormazabal. Nik produkzioan egin dut lana eta ikusentzunezkoetaz arduratu naiz. Soinua Juanbau Larburuk eraman du eta errealizadore bat ere badago, baina nere ardura da ikusentzunezkoen gainean egotea.

Zein da antzerkiaren gaia?
Esan daiteke istorio hau egunerokoak ditugun makroprozesuetan inspiratuta dagoela. Ez da makroprozesu konkretu baten kronika, baina prozesu hauek dira oinarria. Terrorismo kontzeptuaren abusuaren kritika bat da. Aterki horren barruan, inoiz aktibitate armatuarekin zer ikusirik izan ez dutenak inputatzen dira. Abusu horren kritika bat da. Esaten den bezala, Todo vale horren kontra.

Azeri Taldeak egiten duen bigarren antzezlana da. Nabaritu al da alderik Kastillako Dorreak antzezlanetik hona?
Duela hiru bat urte hasi ginen Kastillako Dorreak antzezlanarekin, nahiko arrakasta izan zuen gainera. Horren ondoren, nahiko geldituta egon gara, baina aurten uztailean Txanobarragorro antzezlanaren gidoia prestatuta zegoen, eta elkartzen hasi ginen. Helburu bezala jarri genuen urtarrilean egitea eta karrera bat izan da. Entsaio pila bat egin ditugu. Aurreko antzerkiarekin alderatuta, lan gehiago izan dugu: aurretik grabaketak egin ditugu HDn (zineko kamara digitala) eta hiru minutu grabatzeko, egun oso bat pasa behar izaten da, horrelakoa da zinea. Kastillako Dorreak antzezlanetik hona sekulako diferentzia izan da, maila horretan. Teknikoki salto haundia eman dugu, eta lan haundia izan da. Bestalde, Azeri Taldean ere badabil Pedro Ormazabal, eta berak panpin batzuk egin ditu, polea batzuekin... kriston lana egin du. Entsaio bat egin aurretik 3-4 ordu lehenago joaten da prestatzera, kriston lana dauka. Musika aldetik, Joxan Goikoetxeak ere lan haundia egin du. Piezak aukeratu eta editatu ditu, eta jarriko diren bidoetan sartu dira. Bestelako musika ere izango da: Kantuz abesbatzako grabeak, Txaro Unzillak hiru abesti dantzatuko ditu, eta Tate Berasategik egindako orkestina komiko bat ere badago.

Bigarren antzezlana da, herriko jendearekin osatu duzuena, disziplina ezberdinak nahasten dituena... Formula honi gustoa hartu al diozue?
Nik uste dut formula honek ondo funtzionatzen duela; jende askok hartzen du parte. Hala ere, hori dena koordinatzea sekulako lana da. Baina uste det jendeari gustatu zaiola.

Zenbat lagunek hartzen dute parte Txanobarragorro antzezlanean? Batzuk profesionalak dira, besteak ez... Guztira 51 lagun gabiltza. Ander Lipus eta Bea Larrañaga aktoreak dira. Bestela, parte hartu duen jende gehiena herrikoa da, batzuk pantailan ateratzen dira eta beste batzuek ahotsa jartzen dute zuzenean. Izan ere, off ahotsa (eszenatoki kanpotik datorrena) asko erabili dugu. Gero Eñaut Agirre bertsolaria eta Txaro Unzilla dantzaria ere badaude tartean, hauek ere herrikoak. Bi etorkinek ere hartzen dute parte.

Bi antzerkietan ere Ander Lipus aktoreak hartu du parte. Gustora zabiltzate berarekin elkarlanean?
Jabier Zumendik Kastillako Dorreak antzezlanerako gidoia idatzi zuenean garbi zuen Ander Lipusek parte hartu behar zuela. Oraingoan, ikusita aktore nagusiak hiru pertsonaje egin behar dituela, eta hura ezagututa, berriro ere proposatu zitzaion parte hartzeko. Ander Lipus artista bat da eta asko aportatu du.

Panpinek eta karetek presentzia haundia dute Txanobarragorro antzezlanean. Zuek egin al dituzue?
Rafa Lizeagak egin ditu karetak, kriston lana egin du. Kareta zoragarriak egin ditu. Pello Goello ere aritu da eszenografia egiten.

Grabatutako irudiak eta zuzeneko emanaldia tartekatzen dira obra honetan. Zer da eszenatokian ikusi ahal izango dena?
Eszenatoki gainean, Ander Lipus izango da eta panpinak. Eszenatoki atzean jendea izango da ahotsa jartzen. Txaro Unzilla ere ateratzen da dantzatzera. Gero pantallan agertuko diren irudietan jende pila batek hartu du parte, esate baterako, Eñaut Agirre, Bea Larragaña, eta beste hainbat jende.

Zenbat emanaldi aurreikusi dituzue Hernanirako?
Lau emanaldi egitea aurreikusi dugu, Biterin, urtarrilaren 20, 21, 22 eta 23an, arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dira.

Hernanitik kanpo ateratzeko asmorik ba al duzue?
Beste udaletxeetatik ere etorriko dira antzerkia ikustera. Badago taldean pertsona bat antzezlana mugitzen ari dena. Kastillako Dorreak antzezlanarekin Donibane Garazin izan ginen adibidez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!