Txapelketako lehen partidua ezin hobeto hasi zuten Olaizola II eta Mendizabal IIk. Partiduko lehen sei minututan 0-6ko aldearekin nagusi ziren frontoian; Titin III eta Pascual berriz, partiduan ezin sartu zebiltzan. Hasiera batean, itxuraz, bikote sendoa osatzen zuten egungo txapeldunek, eta aldea haundituz zijoan minutuak aurrera joan ahala: 0-9, 4-9, 4-12. Oier Mendizabal ezin hobeto ari zen partiduari eusten, ezkerkada bikainak ematen zituen eta Pascuali bizkarra emanez jardun zuen partidu erdia.
Olaizola IIk mina sentitu zuen eskubiko sorbaldan
Hala ere, markagailua 7-13an zenean, Olaizola IIk aldageletarako bidea hartu zuen, eskubiko sorbaldan mina sentitzen baitzuen. Hortik aurrera, partiduak buelta eman zuen. Modu batera edo bestera Olaizola II partidutik ateratzen joan zen, eta Titin III berriz, frontoian bere lekua hartzen joan zen. Gauzak horrela, markagailuan ere parekotasun hori nabarmentzen joan zen: 14-15 eta 14-17.
Partidu amaieran Titin III eta Pascualek, markagailua berdintzeaz gain, aurretik jartzea ere lortu zuten: 19-17 eta 21-20.
Hala ere, azken tantua falta zela, eta markagailuan 21na zirela, Titin IIIren huts batek, txapa azpira, garaipena eman zien Olaizola II eta Mendizabal IIri.
Hurrengo partidua igandean
Txapelketako lehen tantua lortuta, hurrengo partidua igandean jokatuko dute, Eibarko Astelenan baita ere, Xala eta Laskurainen kontra: azken hauek galdu egin zuten lehen partidua.