Seigarren Berria txapelketa hasiko da etzi, Lizarran

Kronika - Erredakzioa 2009ko urt. 7a, 01:00

Etzi hasiko da seigarren Berria txapelketa, Lizarran, San Miguel (Lizarra) eta Erreka (Doneztebe) kluben arteko partiduarekin. Partidua arratsaldeko 18:00etan hasiko da. Urtetik urtera txapelketa espektazioa haundiagoa ari da lortzen, izan ere, bertan biltzen dira momentuan Euskal Herrian dauden pelota klubik indartsuenak, guztira 24.

Hernanin printzipioz datorren astean
Berria txapelketako partidu gehienak Hernaniko kiroldegiko frontoian jokatuko dira. Hernanin jokatuko den aurreneko partidua, seguruenera, datorren astean jokatuko da: Ilunpe eta Aldabide taldeen artekoa. Jaialdiak salgai daude eta beste inork erosten ez badu Hernanin jokatuko da partidu hori.

Hernani final zortzirenetan sartuko da
Hernani iaz zortzigarren sailkatu zen Berria txapelketan eta hori dela eta zuzen zuzenean final zortzirenetako partiduetan sartuko da. Jokatuko duen aurreneko partiduan, aurkari Usurbil edo Igorre izango dute, baina hori urtarrileko azken asteburuan jokatuko den kanporaketan erabakiko da.

Hernaniko pelotariak
Hernanik ekipo sendoa du aurtengo txapelketan. Aurreikuspenen arabera, honako pelotariek jokatuko dute. -Kadete mailan: aurrean, Lujanbio edo Lopez, eta atzean, Murgiondo edo Elorza. -Jubenil mailan: aurrean, Arrieta, eta atzean, Lizeaga edo Aizpitarte II. -Nagusi mailan: Gipuzkoako Txapelketa irabazi berri duten Esnal eta Gorrotxategi.

Bost urtetan bi finaletan
Berria txapelketak orain artean izan dituen bost edizioetan Hernanik lan txukuna egin du. Izan ere, bost urte hauetan bi final jokatu dituzte etxekoek, nahiz eta txapela ezin izan duten eskuratu. Aurtengoan, aurreneko kanporaketa pasatzea espero dute, baina hortik aurrerako emaitzak partiduz partidu ikusi beharko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!